Ioldi eta Landiribar Irurtzungo txapeldunak

Guaixe 2015ko eka. 1a, 08:00
Finalista guztiak, Irurtzun klubeko ordezkariekin, Zabaletarekin eta Nagorerekin eta Irurtzungo alkate Txiki Iriarterekin batera.

Iruñerrikoek 22-15 irabazi zieten Altsasu taldeko Azpiriri eta Peñasi 23. Irurtzungo Pilota Txapelketako finalean

Larunbatean jokatu ziren 23. Irurtzungo Pilota Txapelketako finalak. Egutegi kontuak zirela eta aurten soilik senior mailan jokatu da aipatu txapelketa, eta 24 bikote lehiatu dira guztira, afizionatuen mailako puntako pilotariak.
Larunbatean txapelketa azken txanpara heldu zen. Lehenik eta behin, 3. eta 4. postuak zehazteko partida jokatu zen. Ezkurdia arbizuarra ordezkatu zuen Murgiondo etxarriarrak eta Tabarrek 22 eta13 irabazi zieten Lansalot ordezkatu zuen Barandiarani eta Bergerari, partida ederrean. Eta, final handian, Uharte Iruñeko taldeko Ioldi eta Landiribar gailendu ziren, 22 eta 15, Altsasu pilota taldeko Azpiriren eta Peñasen kontra. Nahiz eta Azpiri eta Peñas faboritoak izan, partida oso lehiatua izan zen eta bi bikoteak paretsu ibili ziren. Baina partida erditik aurrera Ioldik hobeto haztatu zuen eta Landiribarren laguntza bikainarekin garaipena lortu zuten Ioldik eta Landiribarrek.

Sari ematean Irurtzun klubean trebatutako Jose Javier Zabaleta pilotari etxarrendarrak eta Jorge Nagore pilotari ohi irurtzundarrak hartu zuten parte, Irurtzungo alkate Txiki Iriarterekin batera.