El Pozoren kontrako garaipen historikoa

Guaixe 2015ko aza. 2a, 13:41

Magna Gurpeak 2 eta 4 hartu zuen menpean Murtziako talde ahaltsua eta sailkapen orokorrean laugarren postura igo da

Lehen mailako ligako oilar baten kontra gailendu zen Magna Gurpea Xota ostiralean. Imanol Arregiren mutilek 2 eta 4 irabazi zioten Murtziako El Pozo talde ahaltsuari. El Pozo zen partida irabazteko faborito nagusia, baina Magna Gurpeak partida irabazteko ilusio eta gogoak izan zituen uneoro eta talde ahaltsuari lezio ederra eman zion. Izan ere, El Pozo hotz aritu zen, ideiarik eta ilusiorik gabe.

Victorrek aurreratu zuen talde berdea, zazpigarren minutuan. Hala ere berdintzea lortu zuen El Pozok, Magnako Yoshikawak ate propioan sartutako zorigaiztoko jokaldi batean. Imanol Arregiren mutilek ez zuten behera egin eta Eseverri kapitainak 1 eta 2koa sartu zuen. Penalti zalantzagarri bati esker bina berdindu zuen El Pozok. Murtziako taldearen erreakzioa espero zen orduan, baina mentalki Magna Gurpea zen irabazlea eta fisikoki ere hobeto zebiltzan talde berdekoak. Horrela, Saldisek hirugarrena sartu zuen eta nahiz eta El Pozo berdintzen saiatu, ezin izan zuten, Magnako Raul atezain bikain aritu baitzen. Hain zuzen ere Raulek sartu zuen Magna Gurpearen laugarren eta azken gola eta 2 eta 4 irabazita, garaipen historiko horrekin itzuli ziren irurtzundarrak etxera.

“Partida oso ongi planteatu dugu, hasieratik bikain aritu gara eta egindako lanaren fruitua jaso dugu. Pista oso konplikatuan irabazi dugu, El Pozo baino gehiago izan gara eta oso kontentu goaz etxera” adierazi zuen Imanol Arregi entrenatzaileak.

Jumillaren kontra
Inter Movistar da lehen mailako liderra (25 puntu). Jarraian lau garaipen lortu eta gero, laugarrena da Magna Nafarroa (16 puntu), sailkapenean 7.a den El Pozoren gainetik (14 puntu). Larunbatean, azaroaren 7an, Magna Gurpeak sailkapenean azkena den Jumilla hartuko du Anaitasuna pabilioian, 18:30ean. Ea garaipenek segida duten.