Puntua eskuan izanda, gabe itzuli dira Bartzelonatik

Guaixe 2015ko aza. 16a, 09:54

Azken segundoan irabazi zion Bartzelonak Magna Gurpeari (4 eta 3)

Partida bukaerarako segundo eskas baten faltan Bartzelonak sartutako golak saririk gabe utzi zuen Magna Gurpea Xota. Hiruna berdintzen ari ziren bi taldeak, eta talde berdeak garaipena lortzeko aukera ere izan zuen. Baina azken segundo horrek dena hankaz gora jarri zuen eta hiru puntuak Bartzelonan geratu ziren, talde urdin-granateak 4 eta 3 irabazi eta gero.

Gauzak ongi hasi ziren Imanol Arregiren mutilendako. Partida hasi eta minutu batera Eseverri kapitainak aurreratzea lortu zuen. Baina Bartzelonak talde ahaltsua dela erakutsi zuen eta bere garaian Xotako jokalaria izan zen Wildek berdintzea lortu zuen berehala. Wildek gol aukera argi gehiago izan zituen, baina Bartzelonako Aicardo izan zen talde urdin-granatearen bigarren gola lortu zuena. Atsedenaldiaren ondoren Gabrielek Bartzelonaren hirugarren gola sartu zuen. Baina Magna Gurpea Xotak ez zuen partida galdutzat eman. Jesulitok 3 eta 2 hurbiltzea lortu zuen, eta Jesulitok berak sartu zuen talde berdearen hirugarren gola, penalti bikoitzari esker. Partida bukaeran, Bartzelonak atezain-jokalari formula erabili zuen. Magna Gurpeako Araçak garaipen gola sartzeko aukera izan zuen, baina berak jaurtikitako baloiak Bartzelonako ateko zurtoinean jo zuen. Partida bukatzeko azken segundoan, tamalez, Bateriak Bartzelonaren aldeko laugarren gola sartu zuen, garaipenarena. Berdinketa eskutan izan eta gero, bukaera gogorra izan zen talde berdearendako.

Imanol Arregi entrenatzaileak azaldu zuenez, “aukera handia ihes egiten utzi dugu. Uste dut emaitza hobeagoa izatea merezi izan dugula, partida ona jokatu dugulako eta gol aukera asko izan ditugulako. Baina Bartzelona kalitate handiko taldea da, egin duena egiteko kapaza: azken segundoan irabaztea”. Hala ere, Arregi kontentu zegoen bere taldeak egindako lanarekin. “Gauzak oso zailak jarri dizkiogu Bartzelonari, baina azken honek zortea bere alde izan du. Lan egiten jarraitzea, ez dugu besterik, baina aukera handia ihes egiten utzi dugu” gaineratu zuen.

Santa Colomaren kontra 4. postua jokoan
Areto futboleko lehen mailako liderra Inter Movistar da (28 puntu), Bartzelona gertu duela (27 puntu). Magna Gurpea Xotak 4. postuari heltzen dio (17 puntu), baina Catgas E. Santa Coloma eta El Pozo puntutara berdinduta daudela. Hain zuzen ere, 5. postuan dagoen eta arerio zuzena den Catgas E. Santa Coloma hartuko du Magna Gurpeak ostiralean Anaitasuna Pabilioian, 20:30ean. Laugarren postua dago jokoan eta lehia bizia espero da.