Magna Gurpeak laugarren postuan despedituko du urtea

Guaixe 2015ko abe. 23a, 10:22

Palma Futsalen kontra 5 eta 4 galdu zuten irurtzundarrek asteartean

Sailkapeneko hirugarren postuan gozo-gozo zebilen Magna Gurpea, baina asteartean Palma Futsalen kontra 5 eta 4 galdu ondoren laugarren postura jaitsi da Irurtzungo taldea. Okerrena da Imanol Arregiren mutilak 0 eta 2 irabazten zihoazela Javi Eseverrik eta Victorrek partidako lehen 4 minutuetan sartutako golei esker. Baina Palma Futsalek bina berdintzea eta 3 eta 1 aurreratzea lortu zuen. Zorionez, Roberto Martilek hiruna berdindu zuen atsedenaldia baino lehen.
Bigarren zatian, bi taldeek izan zituzten aukerak. Palma Futsaleko Vadillok bi gol sartzea lortu zuen. Javi Eseverrik, penaltiz, Irurtzungoen laugarrena sartu zuen, eta nahiz eta berdeak atezain-jokalariaren formularekin aritu, ez zuten markagailua aldatzea lortu eta 5 eta 4 galduaz iritsi ziren etxera. “Aurreikusten genuen bezala, intentsitate handiko partida izan da. Markagailuan aurretik jarri gara baina gu min egiteko pazientzia izaten jakin du Palma Futsalek” adierazi zuen partida bukaeran Imanol Arregik.

Sailkapen orokorrean Inter Movistar da liderra (46 puntu). Galdu eta gero, Magna Gurpea Xotak ezin izan dio hirugarren postuari eutsi eta laugarrena da (30 puntu). Hurrengo partida ilbeltzaren 4an jokatuko du Irurtzungo taldeak. Ligako 17. Jardunaldian, sailkapenean hamabigarrena den Santiago Futsal hartuko du talde berdeak Anaitasunan, 20:30ean.