Haurraren garapena lantzeko beste modu bat

Maialen Huarte Arano 2015ko abe. 25a, 12:38

Eskola txikia da Amalur. Montessori hezkuntza ereduarekin ari dira aurrera egiten. Haurraren jokaerak eta jarrerak behatzetik laguntzen zaio umeari bere garapenean.

Erga mendiaren magalean kokatua dago Amalur. Irurtzun eta Aizkorbe artean sortu dute eskola. Haur hezkuntzako bost neskato ari dira bertan ikasten. Eskolaren berezitasun nabarmenena ereduari lotutakoa da: haur horiek Montessori sistemarekin ari dira hezten. Italiatik dator haurrak hezteko modu hori, 1912an Maria Montessorik berak erabiltzen zituen moduetatik. Hezkuntza eredu hori errespetuan oinarritzen da: haurraren beharrak zeintzuk diren aztertu eta behar horiek asetzeko bidea erakusten zaie Amalurren ere. Denek ez dute erritmo berbera, ez eta jakin-min berberak ere, hortaz, gakoa bakoitzari berea eskaintzea da. Nola egiten da hori? Bada, ume bakoitzaren jokaerak eta jarrerak ezagutu eta aztertu, egunerokoan behatu eta ondoren haurrari jakin-nahi horiek ase ahal dizkion aukerak eskaini.

9:30etatik 10:00etara bitartean ditu ateak zabalik Amalurrek. Horixe da haurrak eskolara iristeko duten tartea. Ordu erdiko tartea dute, norberak goizean duen lasaitasunaren arabera molda daitezen. "Batzuetan ohetik altxatzea errazagoa da besteetan baino eta eskolara sartzeko aukera hori izateak eguna lasaitasunez hartzeko aukera ematen du", azaldu du Cris Mata eskolako sortzaile eta amak. Askatasun mugatua da, "goiz parte osoa eskainiko balitz haurrak nahi duen unean etortzeko neurrigabekeria izanen litzateke, baina ordu erdiko tarteak bestelako erritmo bat eramateko modua eman diezazuke", azaldu du. Norberaren erritmoak errespetatzen dira hasteko, gero, komunitatearenak errespetatu ahal izateko. Horretan oinarritzen da, besteak beste, Montessori eredua.

Ezagutzarako aukera anitz
Haurraren jakinduria txoko desberdinen bidez garatzen da. Unean-unean umeari kitzika sortzen dion hori lantzeko aukera eskaintzen zaio. Horretarako gidari izanen duen hezitzailea dute eskolan, Garoa Gartziandia. Haurrak ezagutzen ditu Gartziandiak. Egunero egoten da beraiekin. Egunero behatzen ditu eta badaki zer ikasi nahi duten, zer probatu edo zer ezagutu nahi duten. Haur bat sagar batekin ikusten baldin badu, adibidez, motrizitatea lantzeko txokora joateko gonbitea eginen dio. Han, sukaldaritza izanen du probatzeko. Edo josten, garbitzen, intxaurrak zuritzen ikasi dezake. Neskato bat eskolan dauden objektuak kontatzen sumatzen badu, honi zentzumenen txokoa aurkeztuko dio: bertan gorputz geometrikoak, koloretako boteak, instrumentu kromatikoa... izanen ditu pisuak aztertzeko, ukimena modu praktikoan lantzeko eta hizkuntza lantzeko. 

Matematiketako txokoa ere badute. Zenbakiak memoriaz ikastetik zentzumenen bidez ikastera pasa dira Amalurren. Bat zenbakiaren ahoskera entzuteaz gainera, bat zenbakia eskuekin ukitu ere egin dezakete. Egurrez egindako material ugari dituzte. Modu horretan, bat zenbakia esatean ukitu duten horrekin erlazionatzen dute.

Euskaraz mintzo dira Amalurren. Baina ez euskaraz bakarrik. Hizkuntzak ikasteko txokoa ere badutelako. Kantuan aritzen dira, letrak ikasten dituzte, elkarrizketak sortzen dituzte, ipuinak sortzen dituzte... eta nahi izanez gero, gaztelaniaz eta ingelesez egiteko aukera ere badute. Txoko kulturalean berriz, esperimentuak lantzen dituzte. Biologia, kimika... zeharka ikasten dituzte. Badituzte munduko mapak ere, herrialdeak ikasteko. Mintzaera ere lantzen dute. Norberak sentitzen duena kaleratzeko gunea da. Margoekin, kantuekin, plastilinekin, buztinarekin... sorkuntza lantzen da. 

Interesari erantzuna eman nahia
Haurrek berez dute Mundua ezagutzeko irrika.  Hortik abiatuta, Montessori eredua ohiko ikastetxeek eskaintzen dutenetik aldentzen da. Ez erabat, baina haurraren hezkuntza beste modu batean garatzen da. Bata zein bestea dira egokiak. Batean zein bestean lortuko da gizakiak garatzea. Amalurren haurrari behatu eta honek duen interes horri eman nahi zaio erantzuna irakasterako orduan. Ume bakoitza bat eta bakarra da, hortaz,norberaren beharretara egokitzen dira. Ez dago irakaslerik, gida dute eskolan. Gida horrek ez du irakasten baizik, haurrak dira ikasten dutenak. Baita gidak berak ere. Esku-hartze kontziente bat dago gidaren eta haurren artean. Gidak behatu egiten ditu; norberaren jokaera eta jarrerak apuntatu egiten ditu; proposamenak eginez erantzun bat ematen zaie, nahi duten hori ikas dezaten; haurra bera beste behin miatu ondoren, hezitzaileak umeak proposamen horren aurrean izan duen erantzuna berriz apuntatu egiten du . Haurrek ezagutzarako beharra dute, horregatik, Montessori eredua erabili den esperientzietan agerian geratu da, haurrek curriculuma osatzea lortzen dutela. Hau da, ez direla tematzen txoko batean bakarrik egoten, besteak ere ezagutu nahi dituztela.



Bost familiaren lana, aurrera
Matrikula bakarra ordaintzen da, haur bakoitzeko (300 euro) eta  baita hilabeteko kuota ere. Hilero ordaintzen duten hori gainera, modu desberdinetan ordain dezakete: gurasoak Amalur eskolan aktiboki ari badira lanean, material salmentan …, 150 euro ordaintzeko aukera eskaintzen zaie. Gurasoek guztiz parte hartzen ez badute ordea, zertxobait gehiago, 200 euro hilean. Amalur eraiki zuten gurasoek argi dute ez dela eskola elitista bat. Modu asko dago hilabeteko kuota hori ordaindu ahal izateko. Adibidez, Montessori materialaren salmentarekin kuota murriztea lor daiteke.

Urrats handiegia emateari beldur
Haurrak jaiotzen direnetik hiru urte betetzen dituzten arte, gurasoen altzoan izaten dira. Bat-batean, hiru urte betetzen dituztelarik ikastetxe handi batera egin behar izaten dute salto. Magaletik "kaosera" ia konturatu gabe. Beldurra sortu zitzaien Amalur eskola sortu zuten gurasoei. Eta horregatik hasi ziren eskola sortzeko ideiarekin. Ez zen lan erraza izan. Denbora asko pasa dute hausnartzen, mintzatzen, ideiak mahai gainean jartzen, ados jartzen eta erabakitzen. Gauza batek bestea dakarren moduan, ideia eraikitzen hasi ziren. Pedagogikoki zein behar zituzten aztertu eta behar horiek nola bete zitzaketen pentsatu ondoren (urtebeteko lana), leku fisikoaren bila hasi ziren. Gero hezkuntza eredua zein izanen zen zehazten joan ziren eta, ondoren, baliabide ekonomikoen bila hasi ziren. Montessoriren eredua ezartzearekin batera, haren materialaren salmentarekin lortu dute finantzaketa.

Familien parte hartzea
Amalurren garrantzitsua da gurasoen parte hartzea. Eskolan dauden bitartean Garoa Gartziandiarekin daude, bera gizarte hezitzailea da eta haurrak gidatzeko ardura du. Gurasoek aldiz, proposamenak egin ditzakete. Tailer ezberdinak edo ateraldiak proposatu ahal dituzte ezagutza horiek zabaltzeko. Mendi ateraldi bat esaterako, ingurumenarekin hartu-emana izan eta animaliak ezagutzeko. Edo eskulan tailerra. Interesgarri zaiena aurkez dezakete.

Errespetu osoa "ohiko" ikastetxeetako irakasleekin
Amalur eskola sortzeko ideia izan zutenetik gurasoek argi dute ez daudela "ohiko" ikastetxeetako irakasleen metodoen aurka. Hezkuntza ereduak arazo "estrukturala" duela uste dute. "Aurrera pauso handiak eman dira eta irakasle bikain asko dago ohiko eredu horietan lanean", uste du Alfredo Prieto Amalur eskolako sortzaile eta gurasoak. Baina oraindik asko falta da hezkuntza sistemarekin erabat ados egoteko. Horregatik Amalurren haurraren garapena beste modu batean lortu nahi dute. Urte askotako lanaren emaitza da Amalur. Gurasoek lasaitasun osoz uzten dituzte haurrak eskolan. Badakitelako errespetuan, espazio harmoniko batean, gune lasai batean, konfiantzako toki batean daudela.

Etorkizuna sortzeke
Oraindik ez dira etorkizunaz hitz egiten gehiegi aritu. Amalurrek haur eskolako tartea baino ez du, oraingoz. Eta bertan diren bost neskatoek sei urte betetzen dituztenean, zer eginen dute? Hortxe dago gakoa eta hortik etorriko da erronka. Oraindik ez dute horretaz serioski jarduteko aukerarik izan, baina proiektuarekin aurrera segitzeko aukerak aztertuko dituztela diote. Hau da, haur hezkuntzako etapa betetzeaz gain, haratago joateko aukera planteatu nahi dute.

Erlazionatuak

Eskola berri bat abian da

Maialen Huarte Arano 2014 aza 14 Arakil   Irurtzun