Irurtzun Gazteak, Nafarroako hirugarrenak

Guaixe 2016ko api. 5a, 09:46
Irurtzun Gazteak eta Amaiakoak, hirugarrenak eta laugarrenak.

Nafarroako Botxa Txapelketan hirugarrenak sailkatu dira irurtzundarrak

Petanka antzeko joko tradizionala da botxa, Irurtzungo Iratxo elkartean gogoz jokatu eta sustatzen dutena. Hain zuzen ere Irurtzungo hiru taldek hartu zuten parte azaroaren 14an hasi zen Nafarroako Botxa Txapelketan: Irurtzun Gazteak, Irurtzun 1 –Txeli Garcia, Tere Yeregi eta Juanito Maestre– eta Irurtzun 3 –Txutxurrin, Mikel Ollo eta Mikel Goldarazena–. Aipatu txapelketan guztira 19 talde lehiatu ziren, orain arteko kopuru handiena, giro bikainean.

Asteburuan txapelketako finalak jokatu ziren Berriozarren. Irurtzun Gazteak taldea 3. eta 4. postua erabakitzeko finalean aritu zen. Iñigo Carballo, Xabier Agustino eta Guillermo Juango aritu ziren Irurtzun Gazteak taldean, eta 20 eta 18 irabazi zieten Amaiako taldeari –Paco, Cristobal eta Dani–. Zalantzarik gabe, txapelketa ikusgarria egin dute Irurtzun taldekoek. Txapelketari dagokionez Txantreako Txustak –Txus, Rufles eta Vidal– izan dira txapeldunak, Amaia taldeari –Felix, Jose Mari eta Sarda– final ikusgarrian 20 eta 14 irabazi ondoren.