Abantailarekin Murtziara

Guaixe 2016ko mai. 16a, 09:54

Magna Gurpeak 4 eta 3 irabazi zion El Pozo Murciari Play-Offetako final laurdenetako joaneko partidan. Ostiralean itzuliko partida jokatuko dute Murtzian, eta El Pozok irabazten badu berdinketa hausteko partida jokatuko dute igandean, Murtzian

Lehen mailako areto futboleko titulua erabakitzeko play-offak ongi hasi dira Magna Gurpea Xotarendako. Talde berdeak final laurdenetako joaneko partida etxean jokatu zuen, El Pozo Murcia talde ahaltsuaren kontra. Partidari buelta eman eta 4 eta 3 irabaztea lortu zuen talde nafarrak. Horrela, asteburuan Murtzian jokatuko den bueltako partidara abantaila ederrarekin iritsiko da Magna Gurpea. Jakina da etxean jokatzeak airea emango dio El Pozori, kantxa faktoreak beti laguntzen baitu, baina jokalari berdeak animuak goian dituzte eta finalerdietarako sailkatzeko dena emango dute.

Partida hasieran Magna Gurpeak pasilloa egin zion Errege Kopako irabazleari, El Pozo Murcia taldeari. Hotz hasi zuen Play-Offetako joaneko partida Magna Gurpeak. Egoera okertzeko, José Ruizek El Pozo aurreratu zuen lehen minutuan. Talde berdea erasoak gauzatzen saiatu zen, baina El Pozok ederki estutu zuen Imanol Arregiren taldea. 16. minutuan Roberto Martil irurtzundarrak partida berdintzea lortu zuen, El Pozoko defentsaren despiste bat aprobetxatuz. Bi taldeek aukerak izan zituzten, baina berdinketarekin iritsi ziren atsedenaldira.

Bigarren zatia ikusgarria izan zen. Aukerak bata bestearen atzetik iritsi ziren, baina zurtoinak, geldialdiak eta beste zirela, markagailua aldatzea kosta egin zen. Lima jokalariak El Pozoren bigarrena sartu zuen 22. minutuan. Berdeek behin eta berriz eraso zuten El Pozokoen atea, baina ezer. Azkenean, corner baten ondoren sekulako gola sartu zuen Araçak, eta bina berdindu zuen Magna Gurpeak. El Pozo urduritu zen eta partidaren erritmoak gora egin zuen. Rafa Usinek baloi bat lapurtu zuen kantxa erdian eta Dani Saldise irurtzundarrari pasa zion, eta honek sekulako gola sartu zuen. 2 eta 3 aurreratu zen Magna Gurpea. Baina El Pozok hiruna berdindu zuen, Limari esker. Bi taldeen lehia estuak jarraitu zuen. Partida bukatzeko bi minuturen faltan Limak bigarren txartel horia ikusi zuen eta jokalari bat gutxiagorekin geratu zen El Pozo. Partida bukatzeko 43 segundoren faltan, Rafa Usinek garaipenaren gola sartu zuen, urrea balio zuena.

Lehendabiziko puntua “ezinbestekoa”
Imanol Arregi entrenatzailea oso pozik zegoen lorpenagatik, eta garaipena lesionatuta dauden Yoshikawa eta Jesulito jokalariei eta zale guztiei eskaini zien. “Sekulako partida izan da, futbol ikuskizun bikaina” nabarmendu zuen entrenatzaile irurtzundarrak. “Jokalariak partidari buelta ematen jakin izan dute, sekulako esfortzua eginez” gaineratu zuen. Lehendabiziko puntua batzea “ezinbestekoa” zela nabarmendu zuen entrenatzaileak, baina onartu zuen El Pozo Murtziak jarraitzen duela faborito izaten, duen talde ikusgarriagatik eta kantxa faktorea alde izango dutelako.

Ostiralean itzuliko partida, Murtzian
Joaneko partida irabazita, itzuliko partida ostiralean jokatuko dute El Pozo Murciak eta Magna Gurpea Xotak, Murtzian, 20:30ean. Murtzia partida irabaztera eta berdinketa hausteko hirugarren partida behartzera aterako da. Hirugarren partida igandean jokatuko litzateke, eguerdian. El Pozok kantxa faktorea alde izango du eta ez da ahaztu behar ligako talde ahaltsuenetako bat dela. Baina Magna Gurpea ez da kikiltzen, puntu bateko abantaila du eta animu guztiak goian dituela iritsiko da Murtziara. Ea ezustekoa eman eta garaipena lortuta, Play-Offetako final erdietarako sailkatzen den talde irurtzundarra.