Magna Gurpea Xota Errege Kopan aurrera

Guaixe 2016ko urr. 20a, 09:30
Roberto Martilek bigarren gola sartu zuen. Argazkia: artxiboa.

Final hamaseirenetan Zierbenari 1 eta 3 irabazi zion talde berdeak

Asteazkenean Errege Kopako final hamaseirenak jokatu zituen Magna Gurpea Xotak Zierbenaren kontra, Bizkaian. Imanol Arregiren mutilak oso zentratuta atera ziren kantxara. Partida goitik behera dominatu zuen talde berdeak.

Jesulitok aurreratu zuen Magna Gurpea atsedenaldia baino lehen. Bigarren zatian Zierbenak Irurtzungo taldea presionatu zuen, baina jokaldi batean bigarrena sartu zuen Roberto Martilek. Zierbenak ez zuen partida galdutzat eman eta 1 eta 2 hurbildu zen, baina Rafa Usinek hirugarrena sartu zuen eta horrela despeditu zen partida. Hortaz, Errege Koparako final zortzirenetarako sailkatuta dago Magna Gurpea Xota.