Elkartasuneko %0,7a nora doan jakiteko hitzaldiak

Guaixe 2017ko urt. 27a, 10:25

Gaur eta heldu den ostiralean, 19:00etan, kultur etxean.

Irurtzungo Udalak bere aurrekontuaren %0,7 behar duten herrialdeetan garapena sustatzeko proiektuetara bideratzen du. Konpromiso hori lau proiektutan gauzatu zen joan zen urtean. Irurtzungo Udalak babestutako garapen proiektuak ezagutarazteko bi hitzaldi antolatu ditu, gaurko eta heldu den ostiralerako.

Hitzaldi bakoitzean Irurtzunen laguntzarekin aurrera ateratako bi proiektu aurkeztuko dira. Gaur Fabre fundazioko kideek Guatemalan osasuna garatzeko egin duten proiektuaren berri emanen dute. Haien ondoren El Salvador Elkartasuna elkartekoek hartuko dute hitza, herrialde hartan nekazaritza jasangarria eta ingurumena nola landu dituzten azaltzeko.

Heldu den ostiralean Itxipuru taldeko kideek El Salvadorren tokiko garapena eta trebakuntza sustatzeko egindako lana azalduko dute. Eta hitzaldi zikloa RASDen lagunek itxiko dute, Saharan hezkuntzarako testu liburugintza arloan egindako lana azalduz.