Historia-memoriari eskainitako asteburua

Guaixe 2017ko ots. 10a, 10:35

1936ko gertakariak eta ondorengoa aztertzen dituzten dokumentala eta antzerki emanaldia programatu ditu udalak.

Irurtzungo Udalak historia-memoriari eskaini dio asteburua. Alde batetik, Bideko Mitxingorria taldearen Cincuenta + Treinta. Memoria bizia dokumentala emanen da gaur, 19:30ean, kultur etxean. 1936. 1986. 2016. Hiru urte horiek oinarri hartuta memoria historikoaren iraganaren, orainaren eta etorkizunaren inguruko hausnarketa egiten du dokumentalak.

Haren oinarria Sartagudan 1986an biktimen omenez egindako kontzentrazio, manifestazio eta azken ekitaldian grabatutako bideoa da. Orduan grabatutako irudiek, bere eduki politikoaz aparte, garrantzi handia dute dokumentu historikoa direlako, eta sortzen duten inpaktua gizarte eremu guztietako pertsonen lekukotasunek (mundu akademiko, profesional, kulturalekoak, asoziazio eta erakunde mundukoak) eragiten dute. Izan ere, lekukotasun horiek adierazten digute 70. hamarkadan memoria berreskuratzeko hasitako bideak jarraitasuna eta gaurkotasun osoa dituela.

Antzerkia
La Puerta Roja antzerki taldearen Por la espalda antzezlanarekin osatuko da historia-memoriari eskainitako asteburua. Antzezlana igandean jokatuko dute, 19:30ean, kultur etxean. Mola jeneralak gidatutako armadak estatu kolpea eman du garilaren 18an. Errepublikari fidela zen Guardia Civileko komandante Jose Rodriguez-Medel bizkarretik tiro eginda erail zuten bere menpeko agenteek. Josu Castillok idatzitako antzezlana hurrengo eguneko arratsaldean kokatzen da, eraildakoaren emazte Luzia Carmona iruindarraren lehengusu Fanny Valentinen kapela eta kortse dendan (benetako pertsonaiak eta denda). 

Antzezlanean atzeguardian zapalketa latza pairatu zuten emakume, ama eta alaben begirada islatzen da. Tani, Javier eta Lutxiren istorioa kontatzen da. Apalak, izugarrikeriaren atalasean harrapatuta: hiruren istorioa ere maitasun, konpromiso eta indarkeria istorioa da. Haien mundua, gure egungo mundua, orduan eta orain kontraesan berberetan harrapatuta. Antzezlanarekin jasotako dirua Nafarroako fusilatuen senitartekoen elkartearendako izanen da.

Fitxa
Zuzendaria: Angel Sagüés

Aktoreak:
Tani: Ventura Ruiz
Javier: Josu Castillo
Milagros andrea: Rosa Nagore
Blanca: María Gastón
Luchi: Carmen Martínez
Rafa: Roberto Martínez
Madre: Imma Estape
Maria: Koki Villacorta