Burelari irabazita, biharko derbian du burua Magna Gurpeak

Guaixe 2017ko ots. 13a, 13:46

Bihar, asteartean, 20:00etan, Tuterako Aspil Vidal taldea hartuko du talde berdeak Anaitasunan

Ostiralean Lehen Mailako Areto Futbol Txapelketako 19. jardunaldia jokatu zuen Magna Gurpea Xotak, Burela taldearen kontra. Errege Kopako finalerdian bezala, Magna Gurpeak Galiziako taldea menpean hartu zuen. Burelan jokatutako partidan, 0 eta 5 irabazi zuen Magna Gurpea Xotak, Yoshikawak, Dani Saldisek, Rafa Usinek (2) eta Isik bere ate propioan sartutako golei esker.

Imanol Arregi entrenatzailea oso kontentu azaldu zen bere taldeak egindako lanarekin. “Burela talde handia da eta horregatik partida guztian intentsitate handiarekin jokatu dugu, ez gara inoiz erlaxatu. Partida ona egin dugu, ongi defendatu dugu, gure posizioa mantendu dugu eta ez diegu euren jokoa egiten utzi. Hala ere, ez da garaipen erraza izan, baina taldea ongi aritu da eta garaipen garrantzitsua lortu dugu” nabarmendu zuen Arregik.

Bihar, Tuterako Aspil Vidal taldea arerio
Movistar Inter FS taldea da lehen mailako liderra (48 puntu), Bartzelona bigarrenak baina puntu bat gehiagorekin. Magna Gurpea Xota seigarrena da, 33 punturekin.

Bihar Lehen Mailako 20. jardunaldia egongo da jokoan. Magna Gurpea Xotak 23 punturekin sailkapenean 9.a den Aspil Vidal Ribera de Navarra taldea hartuko du Anaitasuna pabilioian, 20:00etan. Bi talde nafarren arteko derbia izanen da biharkoa, Nafarroako areto futbol zaleen interesa eta ikusmina piztuko duena. Nafarroako areto futbol festa, hain zuzen.