Magna Gurpeak puntu bat ekarri du Zaragozatik

Guaixe 2017ko ots. 20a, 11:50

Rios Renovables Zaragozarekin hiruna berdindu zuen talde berdeak

Magna Gurpea Xotak Rios Renovablesen kontra jokatu zuen ostiralean Zaragozan. Garaipena lortzekotan egon ziren berdeak, baina, azkenean, Zaragoza aurreratu zitzaien eta hiruna berdintzea lortu zuten azken segundotan.

Araçak talde berdea aurreratu zuen 10. minutuan. Zaragozakoek berdintzea lortu zuten, baina Araçak atzera ere gola sartu zuen eta 1 eta 2 aurreratu ziren Imanol Arregiren mutilak. Bigarren zatian Zaragozakoen jarrera aldatu egin zen eta partida irabaztera atera ziren. Bina berdindu zuten eta handik gutxira hirugarrena sartu eta 3 eta 2 aurreratu ziren Zaragozakoak. Rios Renovablesen defentsa apurtzea ia ezinezkoa bilakatu zen nafarrendako eta partida bukaeran Araça atezain-jokalari postuan jarri zuen Imanol Arregik. Araça izan zen partidako protagonista, partida bukatzeko 28 segundoren faltan gola sartu baitzuen, partidako bere hirugarren gola, hat tricka, eta berdinketaren gola.

“Lehen zatian nagusiak izan gara. Bigarren zatian paretsuago aritu gara bi taldeak, baina atsedenaldia baino lehen dominatu egin dugu eta gol aukera asko sortu ditugu, baina aurrean gehiago asmatzea falta izan zaigu. Bi defentsa akatsen ondorioz sartu dizkigute golak” azaldu zuen Imanol Arregik.

Ostiralean El Pozo Murcia aurkari
Lehen mailako sailkapenean Movistar Inter da liderra (54 puntu) eta Magna Gurpea 7.a da (37 puntu). Ostiralean Magna Gurpea Xotak 47 punturekin sailkapenean hirugarrena den El Pozo Murcia talde ahaltsua hartuko du Iruñeko Anaitasuna pabilioian, 20:30ean hasiko den partidan. Klubari laguntzeko eguna izendatu dute partida. Hain zuzen ere Errege Kopako finala El Pozo Murcia taldearen kontra jokatuko du talde berdeak, maiatzaren 6an, eta partida horretarako entrenamendu bikaina izango da ostiralekoa.