Espainiako Kopa: Magna Gurpeak azken segundoan galdu zuen finalean egoteko aukera

Guaixe 2017ko mar. 13a, 11:59

Finalerdietan El Pozo Murciak 1 eta 2 irabazi zion bikain jokatu zuen Magna Gurpea Xotari, azken segundoan

Segundo batek guztia alda dezake. Esan diezaiotela, bestela, Magna Gurpea Xotari. Ciudad Realen jokatutako Espainiako Areto Futboleko Kopan sorpresa eman zuten Imanol Arregiren mutilek, final laurdenetan Bartzelonaren kontra bina berdindu eta penaltietan irabazi eta gero. Eta larunbatean finalerdia jokatu zuten El Pozo Murciaren kontra.

El Pozo talde ahaltsua zen partida irabazteko faborito argia, baina partidan gutxi nabaritu zen hori, bi taldeak parez pare ibili zirelako. Magna Gurpea Xota izugarri aritu zen: abiadura eta erritmo biziarekin jokatu zuten berdeek eta erasora atera ziren hasieratik, defentsan bikain aritzen ziren bitartean. Gutxinaka berdeek dominatzen hasi ziren eta 14. minutuan Araçak gola sartu zuen.  Aukera gehiago ere izan zituzten berdeek, baina huts egin zituzten. Bigarren zatian kontraerasoekin saiatu ziren Imanol Arregiren mutilek. Gutxinaka nekea nabaritzen hasi ziren jokalari nafarrak. Tamalez, El Pozo Murciak berdintzea lortu zuen penalti bikoitza bati esker. Imanol Arregik Eric Martel atezain-jokalari postuan jarri zuen. Martel bigarrena sartzeko zorian egon zen eta bi taldeek kontrako atea zulatzeko aukera ugari izan zituzten. Horrela, partida penaltietan erabakiko zela zirudienean, azken segundo madarikatuan, Cardinalek Eric Martelek defendatutako atea zulatu zuen, gainetik. Eta Kopako finalean egoteko aukera galdu zuen Magna Gurpeak. Hori bai, Ciudad Realeko Quijote Arena pabilioian zeuden 5.000 zaleen txalo zaparrada jaso zuten Imanol Arregiren mutilek.

“Sekulako kolpea da, baina oso kontentu nago mutilek egindakoarekin” azaldu zuen partida bukaeran Imanol Arregi entrenatzaile irurtzundarrak, guztiz hunkituta. “Harro nago nire taldeaz, atzera ere jaikiko gara eta bazterrak nahasiko ditugu” gaineratu zuen. “Taldeak Kopan egindakoa txapela kentzeko modukoa da. Arazo fisiko ugari ditugu plantillan, Eseverri eta Tomokiren bajak tarteko, eta, hala ere, taldeak sekulako esfortzua egin dugu. Lehen zatia gurea izan da, erabat” nabarmendu zuen.

Iritzi berekoak ziren jokalariak. “Partida irabazi ahal izan dugu. Baja asko izan ditugu, Kopan, esaterako, Eseverri eta Tomokirenak, baina ez gara kikiltzen. Bata lesionatzen bada, bestea aterako da. Ez gara errenditzen eta zailtasunen aurrean ez gara kikiltzen” azaldu zuen Dani Saldise irurtzundarrak. Eseverriren lesioaren ondoren taldeko kapitaina izan den Roberto Martil irurtzundarra iritzi berekoa zen. “Modu krudelenean galdu dugu. Gehiago merezi izan dugu baina ezinezkoa izan da. Taldearendako klabeak diren Eseverri eta Tomoki erori zaizkigu baina ez dugu behera egin. Taldeaz oso harro nago, kristona da. Ez gara talde batzuk baino hobeak edo okerragoak, bai, ordea, ezberdinak. Eta klub honek finala jokatzea merezi zuen” penatu zen kapitaina.

Final handia Movistar Interrek eta El Pozo Murciak jokatu zuten. Interrekoek lortu zuten kopa jasotzea, partidan launa berdindu ondoren, penaltietan finagoak izan baitziren.

Ligan Palma Futsal arerio, ostiralean
Kopako abenturaren ondoren ligara itzultzeko tartea da. Egun, lehen mailako ligan Movistar Inter da liderra (60 puntu) eta Magna Gurpea Xota zazpigarrena da (38 puntu). Ligako hurrengo jardunaldia ostiralean jokatuko da. Magna Gurpeak sailkapenean postu bat gorago dagoen Palma Futsal hartuko du, 21:15ean, Anaitasuna pabilioian.