Bihartik hilaren 26ra lau proiekturen artean aukeratu eta haiei botoa emateko aukera izanen dute irurtzundarrek. Boto kutxak hemen egonen dira: Tahona, Mª Jesus elikadura, Lorena fruta-denda, Erosle, udaletxea, liburutegia, jubilatu elkartea eta Pikuxar. Gainera, preparirurtzun@gmail.com e-posta helbidea erabil liteke
Irurtzundarrek euren botoekin udal aurrekontuaren 35.000 euroko diru-sail bat zertara bideratuko den erabakiko dute. Zazpigarren urtea da parte-hartze aurrekontuen dinamika martxan jarri dena. Lau proiekturen artean aukeratu beharko dute irurtzundarrek. Etxe guztietara informazio esku-orriak eta boto paperak banatu dituzte. Herritarrek, botoa ematearekin batera, Irurtzun hobetzeko proposamenak ere idatzi ditzakete. Hala jakin eta inbertsio txikia eskatzen duten makina bat lan egin izan ditu ondoren udalak. Bestela, hurrengo parte-hartze aurrekontuetan sar litezke. Hori bai, proposamenak kontuan hartzeko bideragarriak izatea eta ahalik eta zehatzen azaltzea eskatzen dute.
Lau proiektu aukeran
Plazako zorua eta harmailak konpontzea
Udaletxeko plazan hainbat lan egitea proposatzen da, honakoak: gauzatuko litzateke eta, batez ere, honako hau izango litzateke: Lizarra kaleko eta frontoiaren atzeko aldeko parkeko sarretan dauden baldosa “arantzadunak” aldatu, harmailak garbitu eta konpondu eta zoruaren aldaketa egin, batez ere okerren eta hondatuen dauden zatietan.
Igerilekuetako berdeguneak berritu
Igerilekuetako hainbat gunetan belardia prestatu eta berriro erein, hainbat makal moztu, merenderoaren ingurua hobetu eta barbakoa ingurua berritu.
Gimnasioa
Kiroldegiko gela bat egokitzea litzateke egitekoa, gero gimnasio gisa erabili ahal izateko. Horretarako, igeltserotza, zurgintza, beirak, zoruak, pintura, klimatizazioa… Ekipatu gabeko gela bat geldituko litzateke, etorkizunean gimnasio bihurtzeko.
Jubilatuen elkarteko leihoak aldatzea
Jubilatuen elkartearen leihoak deformatuta daude eta ez dira egoki ixten eta iparraldea babesik gabe dago pertsianarik gabe, bere garaian hondatuta zeudelako eta erortzeko arrisku agatik kendu baitziren. Leiho aldaketarekin elkartearen kalitatea hobetuko litzateke, tenperatura egokia mantenduz, neguan zein udan, ahalik eta kalefakzio gastu txikiena sortuz.
Prozedura
Hilaren 26an boto-kutxak jasotzearekin batera bukatuko da parte-hartze aurrekontuen prozesua. Bost hilabeteko lana despedituko da horrela. 2016an eta aurreko urteetan jasotako proposamen eta iradokizunekin aurre-aukeraketa egin zuen Parte-hartze Aurrekontuen taldeak eta hala nahi izan zuten Irurtzungo giza-talde desberdinek. Azaroan izan zen hori.
Ondoren, auzokide tailerrak egin zituzten eta egitasmoen berri eman zieten irurtzundarrei. Herriko kolektiboren batek proiekturen bat aurkeztu bazuen auzokide-tailerretan hura azaltzeko aukera izan zuen. Horrek irurtzundarrak aukeraketa prozesuan aktiboago parte hartzea ekarri du. 263 irurtzundarrek parte hartu dute auzokide-tailerretan. Eta berme horrekin aukeratu dira irurtzundarrek bozkatuko dituzten lau aukerak. Haiek azalduz etxe guztietara esku-orriak eta boto paperak banatu dituzte. Bozkatzea besterik ez da falta.
Heldu den urtera begira Parte-hartze Aurrekontuen taldetik deia egin diete Irurtzungo talde eta kolektiboei: “auzokide-tailerretan euren ideiak aurkeztera animatu nahi ditugu; izan ere, horrela, herritarrek askoz zuzenago parte hartzen dute aukeratzeko prozesuan”. Parte-hartze Aurrekontuen taldetik aurreratu dutenez, hurrengo edizioetan auzokide-tailerretara eramandako proposamenetik bi zuzenean aukeragarriak izatera pasako direla, hau da, irurtzundarren botorako aukeren zerrendan agertuko direla.
Orain arte aukeratutako proiektuak
2011 Ibai aldea eta Biaizpe ingurua aisialdirako berreskuratzea.
2012 Espaloiak eta seinaleak errespetarazteko lanak.
2013 Igerilekuetan hobekuntza lanak.
2014 Eskola publikoko aldagelak konpontzea.
2015 Karpa erostea.
2016 Osasun etxeko anbulantzien sarbidea hobetu.
Aurrekontua
Aitor Carrera Larraza alkateak jakinarazi digunez, udaleko gainontzeko taldeei atzo eman zieten aurrekontuen zirriborroa. Haren asmoa litzateke udal bilkurak apirilean aztertzea.