Ligara garaipenarekin itzuli da Magna Gurpea

Guaixe 2017ko mar. 21a, 12:25

Palma Futsali 3 eta 2 irabazi zion. Ostiralean Inter Movistar liderra izango dute arerio berdeek, Madrilen.

Espainiako Kopako finalerdietan erori zen Magna Gurpea Xota, sekulako maila eman eta gero. Baina berriro ere burua altxatu dute Imanol Arregiren mutilek, ostiralean, ligako 24. jardunaldian, Palma Futsali 3 eta 2 irabazi baitzioten.

Meritu handia lortu zuten berdeek, Eseverri eta Yoshikawa, talderako ezinbestekoak diren jokalariak, lesionatuta baitaude. Baina egoerari buelta eman zioten jokalariek. Palma hasi zen erasokorragoa, baina Magna Gurpeako Asier atezainak geldialdi bikainak egin zituen. Magna Gurpeari partidan sartzea kosta egin zitzaion baina Rafa Usin izan zen markagailua mustu zuena, 12. minutuan. Aldeko gola bikain etorri zitzaien berdeei, eta handik gora Alvaritok bigarrena sartu zuen. Baina atsedenaldira joan baino lehen gola sartu zuen Palma Futsalek eta markagailuan hurbildu zen. Bigarren zatian, zorigaiztoko jokaldi batean, Magna Gurpeako Asier atezainari baloiak ihes egin zion hanka tartetik eta bina berdindu zuen Palma Futsalek. Horrela, garaipena lortzera atera ziren bi taldeak. Eta partidako ia jokaldirik onenean Araçak Roberto Martili pase bikaina egin zion eta irurtzundarrak garaipenaren gola sartu zuen, gol ikusgarria. Horrela, merezitako garaipena lortu zuten berdeek.

Txapela kentzekoa
Imanol Arregi oso kontentu zegoen. “Meritu handiko garaipena da. Hiru aldaketa eskasekin, ia entrenatu ez duen jendearekin… eta guztiek leohiak bezala borrokatu dute. Txapela kentzeko modukoa da. Jokalari hauek egiten ari direna sinistezina da. Minimoetan gaude, baina peleian jarraitzen dugu” nabarmendu zuen Arregik.

Ostiralean liderraren kontra
Movistar Inter da areto futboleko lehen mailako liderra (63 puntu). Magna Gurpea Xota zazpigarrena da (41 puntu). Aste honetan bi partida jokatuko dira lehen mailako areto futbol txapelketako ligan. Ostiralean, hain zuzen ere Movistar Inter liderraren kontra ariko dira Imanol Arregiren mutilak, 21:00etan, Madrilgo Jorge Garbajosa pabilioian (Eurosport 2). Eta asteartean Magna Gurpeak 26 punturekin sailkapenean bederatzigarrena den Santiago Futsal hartuko du, 20:00etan, Anaitasuna Pabilioian.