Irurtzungo antzerki tailerraren lau oturuntzak

Guaixe 2017ko mar. 24a, 10:08

Gaur, 20:00etan eta 22:30ean; martxoaren 25ean, larunbatean, 20:00etan eta martxoaren 26an, igandean, 19:00etan Irurtzungo kultur etxean.

Dozena bat aktore eta Angel Sagues zuzendari eta dramaturgoa aste osoa entseatzen aritu dira. Guztia gaurko mustutzea behar bezalakoa izan dadin. Irurtzungo antzerki tailerrak El Banquete antzezlanaren lau emanaldi eskainiko ditu asteburuan. Bertolt Brechten lan batean inspiratuta, Saguesek egokitzapen “nahiko librea” egin du, “Irurtzunerako erokeria berezi bat”.

Ezkontza bateko oturuntzan kokatzen da akzioa. Beraz, jangela baten itxura hartuko du agertokiak. Hara iritsiko dira ezkongaiak eta ezkontzako gonbidatuak, senideak, lagunak “ eta alu zikin madarikatu guztiak. Guztiz jota daude”. Mahaira eseri eta cateringeko chefak harrera egin eta bazkari ona opa egin ondoren, “nahiko ero hasiko da dena eta eroago bukatuko da”, esan digu Saguesek. Bazkariak aurrera egin ahala bakoitzaren nortasuna, “eromena, hemen zer egiten duen erakutsi beharra” azalduko da. 

Ziurtatu digunez, eszenaratzea “fantastikoa, surrealista” da. Tailerrekoek aurreratu dutenez, "azkenean, banketea zentzugabekeriez beteriko zeremonia bilakatu da. Bakoitza bere albiziora dabil, bakoitzak bere istorio propioa baitu”. Baina oturuntzaren zein unetan jakinen dugu uneoro, chefak aldian behin agerraldiak egin eta dastatuko diren platerak aurkeztuko baititu.

Emanaldi gehiago
Asteburuko lau emanaldiez aparte, Irurtzungo antzerki tailerrak El banquete obra, gutxienez, Garesen, Orkoienen eta Etxaurin jokatuko du. Hura prestatzen lastaila akaberan hasi ziren. Ordutik, asteazkenero 17:30etik 19:30era entseatzera elkartu dira aktoreak eta zuzendaria. Joan den urtean baino bi aktore gehiago daude, baina zerrenda horretan 2016arekin alderatuta hiru aurpegi berri daude (Goio, Javier eta Carolina). Hala ere, Saguesek azaldu digunez, “eskarmentua dute. Eusten dion talde bat dago, oinarria mantentzen da”. 

Aktoreak
Txus Abad. Gonbidatutako emakumea. Kaskagorra eta gorrotagarria.
Peio Alzueta. Emakumearen senarra. Emaztea ahal duen bezala jasaten du. Haserre bizian daude.
Mª Eugenia Barroso. Emaztegaia. Sinplea. Senargaia maite du. Elkarrekin etxe berria jaso nahi du.
Goio Fernandez. Aitona. Dibertigarria. Erotomanoa.
Txeli Garcia. Amaren aldetik, senargaiaren amona. Arrosa-urez zipriztintzen du dena.
Javier Gonzalez. Senargaia. Denetarako gizona. Bere etxea eraikitzen du.
Jose Ramon Irure. Emaztegaiaren aita. Bere pasadizoak kontatzen ditu.
Carolina Leiba. Emaztegaiaren ahizpa. Ahal duen guztia amorrarazten du.
Genma Matxain. Emaztegaiaren laguna. Erromantikoa. Emozio nobleak ditu.
Tere Otxoa. Senargaiaren emaztegai ohia. Oso haurdundua.
Meghan Sapp. Cateringaren buru. Denetarako prest. Behar denaz janzten da.
Zuriñe Serrano. Senargaiaren arreba. Neska berezia, lolita modukoa. Oso bihozbera eta gozoa.