Irurtzungo Udalak antzeman dituen beharrak eta bizilagunen eskaera zuzenak kontuan hartuta, Tokiko Azpiegitura Planera zortzi proiektu aurkeztu ditu. Guztiak egiteko Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza ezinbestekoa izanen da. Egitasmo horiek udalak Irurtzun hobetzeko duen helburuarekin bat datoz, Aitor Larraza Carrera alkateak azaldu duenez.
Proiektuak | |
Lana | Aurrekontua |
Ardubil kalearen asfaltatzea eta zolaketa | 28.206 € |
Bi Ahizpe kalearen asfaltatzea eta zolaketa 9, 9bis, 11 eta 11 bis eraikin parean | 65.018 € |
Foru Plazako konponketa lanak | 97.175 € |
Atakondoa Eskola Publikoaren isolamendua hobetzea | 66.295 € |
Kiroldegiko ipar paretako ur sartzea konpondu | 38.218 € |
Leiho aldaketa Kultur Etxean eta Musika Eskolan | 34.937 € |
Kultur etxeko teilatu aldaketa | 44.432 € |
Argiteria publikoa LED teknologiara aldatzea | 250.365 € |
Tokiko Azpiegitura Plana
Halako planek herrietan makina bat lan egiteko aukera eman dute. UPNren aurreko legegintzaldian “gobernuak tokiko azpiegiturak finantzatzeko ez zuen inolako laguntzarik eman”, gogorarazi du alkateak, nabarmenduz Nafarroako Gobernuak 2017 – 2019rako Tokiko Azpiegitura Planaren Foru Legea onartu duela. “100 milioi erabiliko dira datorren hirurtekorako, eta tamaina txikiagoko eta sakabanatuak eta geografi handiagoko toki-erakundeek proposatutako inbertsioak lehenetsiko dira; horrenbestez, Nafarroaren lurralde-orekarako tresna izanen da” plan berria Larrazaren iritziz.