Magna Gurpea Xota ostiralean Movistar Inter liderraren kontra aritu zen Madrilen. Oso ongi jokatu zuten Imanol Arregiren mutilek, baina ezin izan zituzten hiru puntuak ekarri. Azkenean, 2 eta 0 irabazi zuten madrildarrek.
Jesulito, Yoshikawa eta Victorren bajak nabaritu ziren, baina, hala ere, sorpresa emateko zorian egon zen Magna Gurpea. Ongi aritu ziren Imanol Arregirenak eta makina bat jokaldi sortu zituzten. Baina baloia ez zen sartzen. Bere aldetik, Movistar Inter ere behin eta berriz saiatu zen, baina Magna Gurpeako Asier atezaina ikusgarri ibili zen eta dena gelditu zuen. Bigarren zatian Movistar Interrek gola sartu zuen. Nafarrek ez zuten behera egin, jokaldi onak izan zituzten. Atezain-jokalaria formula erabili zuen Arregik, baina ez zitzaien ongi atera eta, azken unean, bigarren gola sartu zuen Movistarrek eta horrela despeditu zen partida.
“Movistarren kontra egin beharreko partida egin genuen. Ditugun bajak kontuan hartuta, partida ona egin dugu. Asier atezaina ongi egon da, baina euren atezaina ere bai. Baina, ditugun baliabideekin eta errotazio faltarekin lan ona egin dugu” aipatu zuen Imanol Arregik.
Bihar Palma Futsalen kontra
Sailkapen orokorrean Movistar Interrek jarraitzen du lider (66 puntu). Magna Gurpea Xota zazpigarrena da (41 puntu). Bihar ligako 25. jardunaldia jokatuko da eta Magna Gurpeak sailkapenean 11.a den Santiago Futsal (27 puntu) hartuko du Anaitasunan, 20:00etan.