Puntu baliotsu bat Kataluniatik

Guaixe 2017ko api. 3a, 12:41

Catgas Energiarekin bina berdindu zuen Magna Gurpeak eta sailkapenean seigarrena da

Larunbatean Catgas Energia arerio zuzenaren kontra bina berdindu zuen Magna Gurpea Xotak Katalunian, eta puntu baliotsua lortu zuten Imanol Arregiren mutilek.

Partidako lehen 20 minututan parez pare aritu ziren bi taldeak. Magna Gurpeak mustu zuen markagailua, Rafa Usinek sartutako golarekin. Bigarren zatian gauzak aldatu ziren. Catgasek berdintzea lortu zuen eta hortik aurrera bi taldeek izan zituzten aukerak. Eric Martelek 1 eta 2 aurreratu zuen talde berdea baina, bina berdintzea lortu zuen Catgas Energia eta puntu banaketarekin despeditu zen lehia.

Asteburuan atseden
Sailkapen orokorrean Bartzelona da lehen mailako ligako lider berria (67 puntu). Magna Gurpea seigarren postura igo da (45 puntu), zazpigarrena den Peñiscolarekin puntutara berdinduta. Asteburu honetan ez dago partidarik, Eurokoparako sailkatzeko torneoa jokoan baitago eta Dani Saldise eta Rafa Usin Espainiako selekzioarekin aritzeko konbokaturik daude. Ligako 28. jardunaldia apirilaren 14tik 16rako asteburuan jokatuko da, eta hain zuzen ere Bartzelona liderra izango du aurkari Magna Gurpeak, apirilaren 16an, 17:00etan, Bartzelonan.