Viyuelarekin itxialdia

Guaixe 2017ko api. 21a, 08:50

Igandean, 19:30ean, Irurtzungo kultur etxean.

Sartu, bai, hortik da. Danba. Zure atzean atea itxi dute. Eta zu han. Jende pila baten aurrean, eszena-toki batean. Zerbait eskatzen ari zaizkizu. Antzeztea? Ez duzu nahi. Ez zara antzezle. Irteera bilatzen saiatzen zara. Alferrik. Harrapatuta zaude. Itxialdia. Publikoaren aurrean.

Abiapuntu hori du Pepe Viyuela komiko ospetsua protagonista duen Encerrona ikuskizunak, pailazoaren ikuspegitik egunerokotasunari buruzko hausnarketa egiten duena. Clownaren erroetara bidaia eskaintzen du bere maisuetako batek. Viyuelak eszenan maleta bat, gitarra bat eta bere funda, aulki tolesgarri bat eta eskailera bat izanen ditu lagun bakarrak. Viyuelari “matxinatu” egiten zaizkion elementuen kontra “borrokatzen” ikusteko aukera izanen da.