Imanol Arregiren mutilak sekulako denboraldia egiten ari direla ez dago zalantzarik. Aurrekontu xumeko taldea, jokalarien bajak direla medio errotazioak egiteko makina bat arazo izan dituzte. Hala ere, talde sendoa osatzen dute, partida guztietan dena ematen dute eta, zailtasunak zailtasun, gauzak primeran doazkie: egun laugarrenak dira lehen mailako ligako sailkapenean.
Meritu handia dute berdeek. Duela bi asteburu, Bartzelonan, orduko liderra zen Bartzelonari 1 eta 6 irabazi zieten Palau Blaugranan. Sekulako erakustaldia egin zuten Imanol Arregiren mutilek, eta talde ahaltsua goitik behera dominatzeaz gain, gol festa ederra ospatu zuten. Asier atezain irurtzundarrak geldialdi bikainak egin zituen, Bartzelonaren ahaleginak zapuztuz. Araça (2), Rafa Usin, Victor, Eric Martel, eta Marc Tolrá (ate propioan) izan ziren golegileak eta Bartzelonak lidergoa galdu zuen. Eta ostiralean, ligako azkenaurreko partidan, Jaen hartu zuten Anaitasuna pabilioian. Aurkari zuzenak, bi taldeek laugarren postua zuten jokoan eta, partida oso berdintsuan, zorionez 3 puntuak eta 4. postua Sakanan gelditu ziren.
2.000 ikusletik gora bildu ziren Anaitasunan Magna Gurpearen eta Jaen Paraisoren arteko lehia garrantzitsua ikustera. Bi taldeak parez pare aritu ziren. Eta emozioa hasieratik egon zen pil-pilean, 3. minutuan Araçak talde berdea aurreratu baitzuen eta segundo batzuk beranduago Martelek irurtzundarren bigarren gola sartu zuelako. Lortutako aldea defendatzera pasa ziren Imanol Arregiren mutilak, eta lehen zatian euren atetik ez zen inor pasa. Baina bigarren zatian gauzak aldatu ziren. Nekea sumatzen zitzaien jokalariei. Hala ere, hirugarrena sartzea lortu zuen Magna Gurpeak, Dani Saldiseri esker. Jaen Paraisok jokalari-atezain formula erabili zuen eta berdeen atera iristen hasi ziren andaluziarrak. Horrela, bi gol sartu zituen Jaenek eta azken uneak konplikatuak izan ziren Imanhol Arregiren taldearendako. Baina eustea lortu zuten. Irurtzundarrek asko sufritu zuten baina bukaeran lortutako saria bikaina izan zen: 3 puntu eta ligako 4. postura igotzea.
Imanol Arregi pozez zoratzen zegoen. Jaen talde oso konplikatua dela eta aurretik partida zaila zutela jakitun zirela adierazi zuen teknikariak. “Partida zaila izan da, izugarri sufritu dugu, baina garaipena justua izan da” nabarmendu zuen.
Azken jardunaldian Peñiscola aurkari
Movistar Inter taldea da liderra, 75 punturekin. Magna Gurpea laugarrena da eta Palma Futsal bosgarrena, biak 51 punturekin. Asteburuan ligako azken jardunaldia dago jokoan eta Magna Gurpeak ostiralean Peñiscolan jokatuko du, 21:00etan, 45 punturekinsailkapenean 7.a den Peñiscola RehabMedic taldearen kontra. Imanol Arregi entrenatzaileak adierazi duenez, helburua sailkapeneko 4. postua eustea da. “Ligako azken partida Peñiscolaren kontra jokatuko dugu eta oso gogorra izango da, euren kantxa kategoriako konplikatuenetako bat baita. Baina laugarren postuari eusten saiatuko gara” aipatu du entrenatzaileak.
Errege Kopako sarrerak salgai
Magna Gurpea Xotak eta El Pozo Murciak Errege Kopako finala jokatuko dute maiatzaren 6an Guadalajaran. Partidako sarrerak salgai daude Xotako bulegoetan. Irurtzunen (Lizarra kalea, 5) 12:00etatik 14:00etara, eta Iruñean (Ermitagaña, 11) 10:00etatik 12:00etara eta 18:00etatik 20:00etara. (Sarrera: 10 euro eta sarrera+autobusa: 35 euro).