Irurtzungo Iratxo elkartean mugimendu handiko egunak dira hauek. Izan ere, bihar, larunbatarekin, XXVII. Sakanako Ibilaldia antolatu dute. Nafarroako mendi martxetan beteranoena da Irurtzungoa, proba ederra eta ez lehiakorra da. Ibilaldi Luzea Euskal Herriko Iraupen Luzeko Ibilaldien Zirkuituan sartua dago; Ibilaldi Motza, aldiz, Nafarroako Iraupen Luzeko Mendi Ibilaldien Zirkuituan. Asteartean aurkeztu zuten Iratxo elkarteko mendi sekzioko presidente Pello Altzuetak, Atakondoako Guraso Elkarteen ordezkari Emi Sanzek, Nafarroako Mendi Federazioko presidente Martin Montañesek eta Nafarroako Kirol eta Gazteria Institutuko zuzendariorde Primitivo Sanchezek.
Aurreko urtean bezala, mendizaleek hiru distantzien artean aukeratu dezakete: Ibilbide Luzea (54 km, 3.388 m desnibela), Ibilbide Motza (27,5 km, 1.344 m desnibela) eta Ibilbide Txikia (14 km, 736 m desnibela). “Azken hau aurreko urtean antolatu genuen lehenengoz, belaunaldi aldaketa sustatu eta txikienak mendira erakartzeko. Guk gure azpiegitura guztia jarri dugu euren eskutan, baina Atakondoa ikastetxeko Guraso Elkartekoak dira motor nagusia. Horrela, gaztetxoak nagusiez lagunduta joaten direla ziurtatzen dugu. Esperientzia ederra izan zen eta aurten ere hala izatea espero dugu” adierazi zuen Pello Altzuetak.
Aldaketa: Erdi Aroko Agiri herri ustua ezagutzeko aukera
Altzuetak gaineratu zuenez, hiru ibilbideak aurreko urteko berak izango dira. “Ibilbide Luzean aldaketa txiki bat, bariante bat sartu dugu. San Migeletik behera jaisterakoan Atako harratetik barna jaitsiko gara, eta harratea utzi bezain pronto Agiri, Erdi Aroko herri hustuaren aztarnetatik pasako gara. Bertan egiten ari diren azkeneko indusketak ikusteko parada emango digu ibilbide aldaketak eta bertako iturrian ur freskoa edateko aukera izango dugu” azaldu zuen irurtzundarrak.
796 mendizale izena emanda
Aurreko urtean 1.165 mendizalek hartu zuten parte Sakanako Ibilaldian, hotza, euria eta elurra ere aurre aurre zituztela. Aurten antzeko kopurua hartzeko nahikoa azpiegitura du prest Iratxo taldeak. “Eguraldi ona iragarri dute eta pentsatzen dugu zifra horien inguruan ibiliko garela. Aurretik izena emateko epea asteazkenean itxi zen eta 796 mendizale daude izena emanda, 458 handian, 238 motzean eta 100 txikian. Eta egunean bertan oraindik izena eman daitekeenez…” aipatu zuen Altzuetak.
Sakanako Ibilaldia, “klasikoa”
Sakanako Ibilaldiak badu zerbait. Nafarroako mendi ibilbide zaharrena da, eta nahiz eta gaur egun ibilaldi eskaintza zabala egon, Sakanako Ibilaldiak ez du behera egiten. “Antolakuntza bikaina, batetik, eta mendi martxaren ibilbidea bera, bestetik, gakoak dira mendizaleak erakartzerakoan. Eta Irurtzungoa, Sakanako Ibilaldia, mendi martxak gustuko dutenendako klasikoa bilakatu da. Mendizale askok euren egutegian gorriz markatuta dute, data ez pasatzeko” nabarmendu zuen Primitivo Sanchezek.
Sakanako Ibilaldiak mendizaletasunaren festa handia izan nahi du. Eta egun ederra pasatu eta gure paisaia zoragarriekin gozatzeaz aparte, ingurumena zaintzearen garrantzia azpimarratu nahi izan du antolakuntzak. “Antolakuntzatik bitarteko guztiak jartzen ditugu zaborrak behar bezala jasotzeko eta horiek erabili eta gure ingurumena zaintzearen garrantziaz ohartarazi nahi dugu” nabarmendu zuen Altzuetak. Ildo honetan, azkeneko mendizalearen atzetik ibilbideko seinaleak bildu eta guztia txukun uzten duten pertsonak doaz. “Mendizaleak etortzera animatu nahi ditugu, egun bikaina pasatzera animatu daitezela. Paisaia eta ibilbide zoragarrietatik ibiltzeko aukera izango dute. Egun hori ere modu berezian bizi da Irurtzunen, mugimendu polita izaten da” gaineratu zuen Iratxoko ordezkariak.
Antolakuntzak Atakondoa eskolako gimnasioa prest dauka, norbaitek martxaren aurreko gaua bertan eman nahi badu. Ibilbidean barna hornidura eta kontrol guneak izango dituzte eskura mendizaleek eta DYAk probaren martxa zainduko du. Behin proba bukatuta, guztiek kamiseta eta diploma jasoko dute. Gainera, mendi materiala zozketatuko da guztien artean. Guztia behar bezala prestatzeko, 70 pertsona inguru ariko dira lanean. “Herritarren babesa eskertu nahi dugu, eta probako babesleena. Nafarroako Mendi Federazioaren eta Nafarroako Kirol eta Gazteria Institutuaren laguntzarik gabe eta babesleen laguntzarik gabe oso konplikatua litzateke halako tamaina duen martxa antolatzea. Eskertuta gaude” nabarmendu zuen Altzuetak.
Jendeak paisaiaz goza dezala
Nafarroako Kirol eta Gazteria Institutuko Primitivo Sanchezek adierazi zuenez, “Sakanako Ibilaldia ekimen interesgarria da, kirola eta natura batzen ditu. Gainera, norberaren sasoiaren arabera, distantzia ezberdinen artean aukeratu daiteke. Guraso elkarteen inplikazioa ere aipatzekoa da, adin txikikoak erakartzeko lanean”. Iritzi berberakoa zen Nafarroako Federazioko presidente Martin Montañes. “Hau ez da ibilaldi lehiakorra; horretarako daude mendi lasterketak. Jendeak paisaiaz goza dezala, halako martxek toki ederrak ezagutzea ahalbideratzen dutelako, eta ingurumena zainduz egun polita pasa dezatela” gaineratu zuen, antolakuntzak ingurumena babesteko hartzen dituen neurriak azpimarratuz.
Izena ematea, zabalik
Larunbatean, goizeko 5:00etatik aurrera, Ibilbide Luzerako izena ematea eta 6:30etik 7:30era Ibilbide Motzerako (15 euro; langabetuek 5 euro.). Ibilbide Txikikoek, 8:30etik 9:30era, Iratxon (14 urtera arte 4 euro eta 14 urtetik gorakoek, 8 euro).
ETB1ek Gailurra Xtreme saioa grabatuko du
ETB1eko Gailurra Xtreme saiokoak Sakanako Ibilaldian izanen dira, Irati Anda eta Andoni Aizpuru tartean. Batak Ibilbide Luzea osatuko du eta besteak Motza.
3 aukerak:
Ibilbide Luzea (54 km, 3.388 m desnibela). Goizeko 6:00etan abiatuko dira mendizaleak Irurtzungo Atakondoatik. Urrizola, Txurregi, Euskal Herriko erdigunea, Beriain (1.498 m), Uharte Arakil, Aralarko San Migel (1.242 m), Ata bailara, Madotz, Larrazpil, Goldaratz, Latasa, Trinitatea (999 m) eta Irurtzungo plaza. 11/12 ordu inguruko ibilbidea.
Ibilbide Motza (27,5 km, 1.344 m desnibela). Goizeko 7:30ean abiatuko dira mendizaleak, Atakondoatik. Urrizola, Gaztelu (1.008 m), Ekai, Itxasperri, Goldaratz, Latasa, Arrantzaleen xenda eta Irurtzungo plaza. 6 ordu inguruko ibilbidea.
Ibilbide Txikia (14 km, 736 m). Goizeko 9:30ean abiatuko dira, Atakondoatik. Etxeko txikienekin egiteko ibilbidea. Txikiak heldu baten zaintzapean egon beharko dute. Trinitatera (999m.) igoko dira, Latasara jaitsi eta Arrantzaleen xendatik Irurtzungo plazara helduko dira. 4/5 ordu inguruko ibilbidea.
www.iratxoelkartea.com
Informazio guztia.