Irurtzungo Larrazpi Gazte Elkarteak eta Nafarroako Automobilismo Federazioak Irurtzungo Slaloma antolatu dute igande arratsalderako, Irurtzungo Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin eta makina bat babeslerekin. Proba Nafarroako Openerako baliagarria da.
Akaborro industrialdean mota guztietako piboteak, ibilbideak eta trabak jarriko dituzte antolatzaileek, parte hartzen duten pilotuek gainditu beharko dituztenak. Antolakuntzak zehaztutako ibilbide konplikatuak osatu beharko dituzte gidariek. Automobilismo modalitate honetan abiadura baino gehiago, pilotuen maniobra ikusgarriak eta gidatzeko trebezia baloratzen da. Izan ere, prestatutako zirkuitua ahalik eta azkarren egitea eta ahalik eta kono gutxien ukitzea, horixe da gakoa Irurtzungo Slaloma irabazteko. Autoek eta auto gidariek egin dezaketena erakusteko aukera aparta da slaloma.