Nafarroan, gaur egun, 18 urtetik beherakoen 33 bertso-eskola daude. Haietan 302 ikaslek jasotzen dute bertso trebakuntza eta horretaz 9 irakasle arduratzen dira. 17 herritan daude bertso eskola horiek eta bakarra Sakanan, Altsasun. Bi bertso eskola daude Altsasun: batean 16 eta 17 urte bitarteko lau ikasle aritzen dira eta, bestean, 11 eta 12 urte arteko beste 11 ikasle daude. Astean behingo maiztasunez, bertsogintzaren oinarriak eta irakaspenak jasotzearekin batera, ahozkotasuna eta gaitasun komunikatiboak garatzen dituzte besteak beste, transmisio bide den giro ludiko batean.
Bertso eskoletako kideak elkar ezagutu eta bertsoaren inguruan egun ederra pasatzeko asmoz antolatu du Nafarroako Bertsozale Elkarteak etzikoa. Bertsotan ospatuko dute eguna. 11:30ean elkartu eta ezagutza jolasekin abiatuko da egitaraua. Ondoren, gaztetxoen bertso saioa eta Bertsopaperen Lehiaketako sari emate ekitaldia izango dira. Bazkal ostean, berriz, bertsogintzarekin lotutako jolas-dinamiken tartea izango da, 17.00ak arte. Klaseko jarduna osatzeko helburuarekin eta ikasleen arteko elkar ezagutza handitu eta harremanak sendotzeko xedez antolatu da etzikoa.