Historia egitera

Guaixe 2017ko mai. 5a, 14:20
Magna Gurpea Xota, Nafarroako Kopa irabazi zuenean.

Magna Gurpea Xotak Errege Kopako finala jokatuko du bihar Guadalajaran, El Pozo Murciaren kontra

Magna Gurpea Xotak historia egiteko aukera du bihar. Izan ere, bihar, maiatzaren 6an, larunbatean, 20:15ean Errege Kopako finala jokatuko du Guadalajaran, El Pozo Murciaren kontra. Irurtzungo taldeak lehenengoz lortu du Errege Kopako finalerako sailkatzea, orain arte final laurdenetatik aurrera ez baitu egin. Eta kopa lortzea, zalantzarik gabe, mundiala litzateke Imanol Arregi teknikari irurtzundarraren taldearendako.

Ibilbide bikaina
Areto futboleko lehen mailan 20 urte betetzear dago Magna Gurpea Xota. 1998an lortu zuten orduko lehen mailara, Ohorezko Mailara igotzea. Ordutik maila gorenari eutsi dio taldeak, 19 denboralditan. Soilik El Pozo Murcia eta Inter Movistarrek daramatzate denbora gehiago elite mailan. Talde txikia izanda, ibilbide bikaina egin du taldeak. Lehen mailan daramatzan 19 denboraldietan 12 aldiz sailkatu da ligako titulua jokatzeko play-offetarako, ligako sailkapeneko lehen zortzi postuetan sailkatu eta gero. Azken 8 urtetan jarraian lortu du play-offetarako sailkapena. Play offetan, bitan finalerditara iritsi zen –2004-2005 eta 2015-2016– eta behin final handia jokatu zuen, El Pozoren kontra, 2009-2010 denboraldian. Tamalez, finaleko laugarren partidan kanporatu zuen El Pozok. Bestalde, Espainiako Kopan 12 aldiz lehiatu da talde berdea, azkeneko zazpi urtean jarraian.

Larunbatean historia aldatu nahi du Magna Gurpeak eta Kopa ekarri nahi du etxera. Ea El Pozo irabazteko gai diren Imanol Arregiren mutilak. Nafarrek marea berdea izango dute alde. Izan ere, Iruñetik eta Irurtzundik autobusak abiatuko dira Guadalajarara. 1.300 zale pasa joango dira talde berdea animatzera. Irurtzungo autobusa Irurtzungo kiroldegitik abiatuko da, larunbatean bertan, 14:45ean.

"Talde umila gara eta hau oso handia da guretako"
Horrela adierazi du Magna Gurpeako Roberto Martil jokalari irurtzundarrak. "Umilak gara, eta finala jokatzea handia da guretako. Irabazten badugu ederki ospatuko dugu" nabarmendu du. Iritzi berekoa da Dani Saldise jokalari irurtzundarra. "Finala denboraldian egindako lanaren eta sakrifizioaren oparia da" gaineratu du. Asier Llamas atezain irurtzundarra ere kontentu dago. "Itzela da hau. Orain finala jokatzea eta irabaztea, hori da dagokiguna" aipatu du.