Irurtzungo Kirol Jardunaldien azken txanpa

Guaixe 2017ko mai. 12a, 09:51

Sakanako Ibilaldiari buruzko proiekzioa egingo dute gaur. Argazkian, Sakanako Ibilaldiaren aurkezpena.

Gaur “Pilotariak” eta “Sakanako Ibilaldia” proiekzioak izanen dira eta bihar bizikleta irteera eta Irurtzungo taldeen arteko herri kirolak

Irurtzungo Kirol Jardunaldiak igandean despedituko dira. Atzo Reynolds txirrindularitza taldearen historiaz aritu ziren kultur etxean, taldeko zuzendari ohia izandako Jose Migel Etxabarri hizlari zela, eta gaur proiekzioen tartea izango da. Emakume pilotarien inguruko “Pilotariak” dokumentala ikusteko aukera izango da gaur, euren zuzendariak bertan direla eta, segidan, aurtengo Sakanako Ibilaldia mendi martxaren inguruko proiekzioa ikusteko aukera izango da.

Bihar kirola praktikara eramateko aukera izango da. Goizean 14 km inguruko bizikleta irteera antolatu dute eta arratsaldean Irurtzungo hainbat kirol talderen arteko herri kiroleko probak.

Irurtzun 2017 Kirol Jardunaldiak:
Maiatzak 12, ostirala, 20:00etan, Kultur Etxean:
Dokumentala: “Pilotariak”. Ondoren solasaldia Daniel Burgi Eguzkiza eta Andres Salaberri, dokumentaleko zuzendariekin eta Palako Munduko txapelduna den Maite Ruiz de Larramendi pilotariarekin.
Segidan, 2017ko Sakanako Ibilaldiaren proiekzioa.

Maiatzak 13, larunbata
11:00etan, Foruen plazan: “Bizikleta irteera Irurtzungo inguruetan”. 14 km-ko ibilbidea: Irurtzun-Izurdiaga-Urritzola-Ekai-Zuhatzu-Satrustegi-Itxasperri-Irurtzun (www.relive.cc/view/890083804)
18:00etan, Foruen plazan: Herri Kirolak, mistoa, Irurtzungo taldeen artean: Gazte Asanblada, Larrazpi, Pikuxar, Erga Larreak, Guan, Bajerak…