Xotaren eta Osasunaren arteko akordioa

Guaixe 2017ko mai. 15a, 09:36

Hurrengo asteetan ezagutuko dira proiektuaren xehetasun guztiak

Magna Gurpea Xotak eta Osasuna klubak akordiora iritsi dira, “elkarrekin bidea egiteko”.  Bi entitateek anbizio handiko proiektua konpartitu nahi dute, Nafarroako kirola sustatu nahi duena. Hurrengo asteetan ezagutuko dira proiektuaren xehetasun guztiak, bi taldeek eskainiko duten prentsaurreko batean akordioaren nondik norako guztiak emango baitituzte. Orduan jakingo da zein izenarekin lehiatuko da Areto Futboleko Lehen Mailako ligan arituko den taldea, jantziko duen arropa zein kolorekoa eta zein etxekoa izango den, publizitate akordioen politika zein izango den, partidak non jokatuko diren eta akordioaren beste xehetasun guztiak. Ia mende bateko historia duen Osasuna kluba aretoko futbol profesionalean sartuko da, bere familian kirol honetako talde erreferenteetako bat, Xota, hartuz. Bi taldeek baloreak konpartitzen dituzte, Nafarroari lotutako identitatea eta harrobiaren aldeko apustua eta ikusiko da zer emango duen elkarlan honek.

Play Offak Jaen irabaziz hasi ditu Magna Gurpeak
Magna Gurpea Xotak lehen mailako liga titulua erabakitzeko Play Offei hasiera bikaina eman die, Play Offetako final laurdeneko lehen partidan, Jaen FS taldeari 3 eta 2 irabazi baitio.

Partida ostiralean jokatu zen Anaitasunan. Hasieratik baloiaren jabetza hartu zuten Imanol Arregiren mutilek, eta 10. minuturako Rafa Usinek talde berdea aurreratu zuen. Hala ere, Jaenek berdintzea lortu zuen. Bi taldeek aukera gehiago izan zituzten baina 14. Minutuan, atzera ere Rafa Usinek Jaenen atea zulatzea lortu zuen. Bigarren zatian erasora atera zen Magna Gurpea, hasieratik, eta Roberto Martil irurtzundarrak talde berdearen aldeko hirugarren gola sartu zuen. Partida bukatzeko 3 minuturen faltan, bigarren gola sartu zuen Jaenek. Berdinketa lortzen saiatu ziren andaluziarrak, baina Magna Gurpeak ongi defendatu zuen eta Play Offetako lehen partida irabaztea lortu zuen Magna Gurpeak.

Ostiralean, Jaenen, bigarren partida
Orain bigarren partida jokatu beharko dute bi taldeek. Jaenen jokatuko da, ostiralean, 21:00etan, La Salobreja pabilioian. Jaenek irabazten badu, berdinketa apurtzeko hirugarren partida jokatuko litzateke, Jaenen bertan, igandean, 12:30ean. Aldiz, Magna Gurpea Xotak irabaziko balu, Irurtzungo taldeak aurrera egingo luke Play Offetan, finalerditarako sailkatuko baitzen.