Eskolan eta aparkalekuan lanak eginen ditu Irurtzungo Udalak

Guaixe 2024ko api. 16a, 09:00
Atakondoa eskolako ikasleak patioan. ARTXIBOA

Ikastetxean galdara berria jarri eta bi solairuetako pasabideetako hormak berrituko ditu. Liburutegi ondoko aparkalekua txukunduko du. Hegoaldeko urbanizazioko hamabi partzela udazkenean salgai jarri nahi ditu. Gainera, hainbat pertsona kontratatuko ditu udalak.

Irurtzungo Udalak 2.806.885 euroko aurrekontua izanen du aurten, joan den urtean baino 298.978 euro gutxiago. Izan ere, 2023an igerilekuko eta musika eskolako lanak jaso ziren, eta aurten ez daude hain lan handiak aurreikusiak. Udalaren diru kontuak EH Bilduren aldeko botoekin eta UPNren abstentzioarekin onartu ziren. Unai Razkin Iriarte alkateak azaldu duenez, "kontuak orekatuak dira, zerbitzu publikoak, eskubide sozialak eta irurtzundarren bizi kalitatea hobetzeko helburua dutenak".

Inbertsioei dagokionez, Irurtzungo Udalak Atakondoa eskolan bi lan aurreikusi ditu, biak ere udan egitekoak. Alde batetik, biomasa galdara berria jarriko da ikastetxean. 180.000 euroko aurrekontua du, baina galdara aldatzeko Nafarroako Gobernuaren aurrekontutik 100.000 euro jasoko ditu udalak, EH Bilduk aurkeztutako zuzenketa bati esker. Bestetik, eskolako bigarren eta hirugarren solairuetako paretak birmoldatuko dituzte: baldosak kendu, pintatu, biniloak jarri eta eskaileran eskubanda jarriko du. Lan horiek 35.000 euro balio dute. Bestalde, udalak berriki eskolako eraikin berrian dagoen estalpean frontoi txiki bat margotu du. "Haurrak han pilotan jolasten aritzen ziren eta margotzeko eskatu zuten". 


Atakondoan margotutako frontoia. @ehbilduirurtzun

Bestetik, badira urte batzuk elizak aurri egoeran zegoen zinema zaharra bota zuela. Udalak elizarekin lur sail hori erosteko aurreakordioa du. Horretarako aurrekontuan 90.500 euroko aurrekontua jaso du. Razkinek azaldu duenez, "mugikortasun plana epeka garatuko dugu eta erosketa haren barruan sartzen dugu. Izan ere, inguru horretan aparkatzeko arazoak daude eta gure asmoa da behin lursaila erosita, gauzak ongi, heldu den urtean 20 bat autorendako aparkalekua egitea hor". Horrekin batera, liburutegi ondoko aparkalekua egokitu eta aparkatzeko plazak markatzeko 127.000 euro bideratu ditu. "Aparkalekuko izkinan eskailerak eginen ditugu, Larraun kaleko aldamenek autoaren bila joateko buelta guztia eman ez dezaten" azaldu du alkateak. 


Zinema zaharra zegoen lursaila eta Gernika plaza. ARTXIBOA

Aparkalekuaren ondoan dagoen jolas parkea estaltzeko lanak aurten eginen dira, festen ondoren. Udalak 80.000 euro jarriko ditu lan horretarako. Lan hori joan den urteko parte hartze aurrekontuen bidez aukeratu zuten irurtzundarrek. 2023ko 35.000 euroko diru sailari aurten beste 45.000 euro gehitu dizkio udalak lan hori egiteko. Beraz, aurten ez da parte hartze aurrekonturik izanen.

Gizarte ongizatea eta kontratazioak 
Alkateak nabarmendu duenez, “Oinarrizko Gizarte Zerbitzurako partida handitzen jarraitzen du. Aurten 71.000 euro dira. Horretaz aparte, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak kudeatzen dituen irurtzundarrendako gizarte larrialdietarako laguntzak mantendu ditugu (7.500 euro)”. Zerbitzuen bidez Gizarte Enplegu Babestua eta Iturraskarri programa kudeatzen dira. Haietan lan egiteko aurten sei edo zazpi pertsona kontratatuko dituzte. Horretarako, 112.000 euro izanen dira. 

Razkinek gaztigatu duenez, "Irurtzungo Udalak zerbitzu publikoen kudeaketa publiko eta zuzenaren aldeko apustua egiten jarraitzen dugu". Aipatu programaz aparte, beste hamabost kontratazio egiteko asmoa du: zazpi pertsona Nafarroako Lansarearen bidez, kaleak eta lorategiak mantendu eta garbiketa lanetarako (135.000 euro) eta Itxesia igerilekuetan lan egiteko zortzi kontratazio (71.000 euro). Kirol azpiegituraz galdetuta, alkateak jakinarazi duenez, "maiatzean egoera aztertu eta zehaztuko dugu noiz zabalduko ditugun igerilekuak. Argi dago garagartzaroaren 15erako ez direla zabalduko". Alkateak gaineratu duenez, "udalak kalitatezko zerbitzu publiko eskuragarriak eskaintzeko ahalegina egiten du, zerbitzu horien kostuaren zati handi bat, defizita, bere gain hartuz". Horren adibide dira: musika eskolara bideratutako 40.000 euroak (90.000 euro hitzartutako udal guztien artean), gaztetxokoa 17.850 euro eta igerilekuak 63.000 euro. 


Goian musika eskola, behean Larrazpi gazte elkartea. ARTXIBOA

Ikasturte hasierarako bukatuko direnak, berriz, musika eskolako lanak dira. Haiek egin bitartean  Larrazpi gazte elkartearen egoitzan leihoak aldatu (12.600 euro) eta elektrizitatea berrituko (8.000 euro) dira. Musika eskolan eguzki plakak jarriko dira eta udala aztertzen ari da eskolan jarduerarik ez dagoenean, udan, sortzen den argindarra igerilekura desbideratzea. "Dagoeneko antzeko zerbait egiten dugu liburutegiko plakekin, elektrizitatea udaletxera bideratzen baitugu", azaldu du alkateak. 

Bestetik, gaztetxokoa eta liburutegia hartzen dituen eraikina margotuko du udalak (7.500 euro). Azkenik, Razkinek jakinarazi du bizpahiru astetan despedituko dituztela herriaren hegoaldean egiten ari diren urbanizazio lana. "Partzela pribatuak eta publikoak daude. Udalak dozena bat ditu eta saldu eginen ditu. Hori arautzeko ordenantza onartu nahi dugu uda baino lehen eta, beraz, salmenta irailetik aurrera litzateke". 

Irurtzungo Udalaren aurtengo egitekoen artean dago baso suteen kontrako udal jarduerak jasotzen dituen plana (7.400 euro). Nafarroako Gobernuak egindako azterketaren arabera Irurtzunek udan baso sutea izateko arrisku handia du. Horregatik, plana egin beharra du udalak. "Plan horrek larrialdiari aurre egiteko hartu beharreko neurriak, giza baliabideak eta baliabide materialak zehazten ditu. Plana funtsezkoa da baso-suteei aurrea hartzeko eta erantzun eraginkorra emateko. Helburu nagusia pertsonak, ondasunak eta ingurumena sute horien aurrean babestea da", argitu du Razkinek.

Herri mugimendua, euskara eta kultura
Udalaren kulturarako diru saila 128.000 eurokoa da, joan den urtean baino 7.000 euro gehiago. Haietatik 55.000 euro Kultura Kontseiluaren jardueretarako izanen dira. Festetarako 70.000 euro daude, horrela banatuta: garileko festak 60.000 euro eta 5.000 euroko diru sail bana Trinitateko eta San Martingo festetarako. Inauterietara, berriz, 3.000 euro bideratu ziren. 

Alkateak azaldu duenez, "herri mugimenduarekin lankidetzan jarraitzen dugu. Ildo horretan, aurreko legealdian lankidetza hitzarmenak egiten hasi ginen. Hamar hitzarmenetik gora sinatu ditugu elkarte interesdunekin". Aurtengo aurrekontuan hainbat kultur jarduerarako 12.500 euro daude, kirol jardueretarako 31.900 euro eta jarduera sozialetarako 3.000 euro. Azkenik, euskararen sustapenari bideratutako 11.500 euro daude aurrekontuan, hainbat ekintzetara bideratuko dena: euskaraz mintza, helduen ikaskuntza, Aixita Bertso Txapelketa, Korrika...

Beste diru sail batzuk

Hirigintza berroneratze proiektua 7.000

Herri baratzak 8.000

Gazteria programa 1.500

Liburutegirako liburuak erostea 2.000

Genero indarkeriaren kontrako programa 7.000

Kontziliazio programa 14.000

Garapen bidean dauden herrialdeentzako laguntza 11.000

Arratoiak kontrolatzeko programa 2.500

Ganadu azoka 14.500

Sakanako turismo garapena 13.200

Plazaolaren turismo garapena 20.600