Areto futbola

Xotak Inter estutu zuen, baina ez zen nahikoa izan

Guaixe 2024ko api. 22a, 10:55
Lehia bizikoa izan zen Xotaren eta Interren arteko partida. XOTA

Osasuna Magna Xotak 3-6 galdu zuen Inter Movistarren kontra. Irurtzundarrei azken minutuan joan zitzaien partida

Osasuna Magna Xotak Inter Movistar talde madrildar ahaltsua hartu zuen Anaitasunan. Bi taldeek ongi jokatu zuten eta partida ikusgarria eskaini zieten Anaitasunan bildutako 1.415 zaleei. 

Partidak hasieratik emozioa izan zuen, bi taldeak kontrako atera berehala iritsi zirelako. Toni Escribanok talde berdea aurreratu zuen, eta tarte gehiago zabaltzeko aukera izan zuen Xotak, hiru jokaldi oso argi izan zituelako, baina Interreko atezaina fin ibili zen. Zoritxarreko jokaldi bati esker bana berdintzea lortu zuen Interrek, Korpelaren jaurtiketak Café jo eta baloia atera desbideratu eta gero. Gol horrek airea eman zion talde madrildarrari, beste bi gol gehiago sartu baitzituen atsedenaldia baino lehen. 1-3. 

Bigarren zatian Toni Escribanok 2-3 hurbildu zuen taldea. Xotak berdinketa bilatzen zuen, baina gaizki ulertu bat probestuz 2-4ekoa ezarri zuen Interrek. Atezain-jokalari formula jarri zuen abian Xotak, eta Juninhok 3-4 hurbildu zuen Xota. Berdinketan sinisten zuen Xotak, Inter taldea ederki estutu zuen, baina azken minutuan bi gol sartu zituen Interrek, eta 3-6 gailendu zen. Emaitzak ez du erakusten bi taldeek izandako lehia estua, eta gehiegizko zigorra jaso zuen talde irurtzundarrak. 

Xotak bukaeraraino borrokatu zuelako, alde horretatik “eskertuta” zegoela azaldu zuen Miguel Hernandez entrenatzaileak. “Inter bezalako taldeek ez dute ezer barkatzen. %100ean dira lehiakorrak, eta ederki estutzen dute. Baina guk bukaerara arte borrokatu genuen, eta eskertzekoa da”. Hemendik aurrera puntuak biltzen jarraitu nahi du talde irurtzundarrak. “Puntuak ateratzeko gauzak ongi egin behar ditugu, eta orain arteko jarrerari eutsi behar diogu”. 

Barçak jarraitzen du Lehen Mailako lider (54 puntu). Inter hirugarren da (50 puntu) eta Xota hamaikagarren (31 puntu). Igandean, apirilak 28, Xotak sailkapenean seigarren den Jimbee Cartagena izango du aurkari, Murtzian.