Astekaria

Antzerki tailerra baino gehiago

Erkuden Ruiz Barroso 2024ko mai. 7a, 12:21

Irurtzungo Antzerki Tailerra. UTZITAKOA

'Un día en el campo' antzezlana mustu zuen maiatzaren hasieran Irurtzungo Antzerki Tailerrak. Antzerki tailerrean beteranoak eta iritsi berriak elkartzen dira; antzerkiak "harrapatzen" dituela esan dute Enara Urra, Elsa Gutierrez eta Peio Aldaz kideek.

Irurtzungo Antzerki Taldeak gaur, bihar eta etzi eginen dituen Un día en el campo antzezlanaren emanaldietarako sarrerak agortu dira dagoeneko. Angel Saguesek zuzentzen duen tailerrak oihartzun handia du herrian. Urte asko daramatzatenak eta azken urtetan aritu direnak antzerki tailerraren "etapa berri batean" sartu dira, kartelean azaltzen zuten bezala. Enara Urra Albizu eta Peio Aldaz Augusto, esaterako, aurreko urtean hasi ziren tailerrean. Elsa Gutierrez Diezen lehenengo antzezlana izanen da.

"Badaude pare bat hasieratik daudenak, urtero egon direnak, ia 30 urte daramatzatenak antzerkia egiten". Urra duela lau bat urte hasi zen lehenengo aldiz Irurtzungo Antzerki Tailerrean. "Txikia nintzenean amak haurrendako antzerki tailer laburrak egiten zituen, baina antzerki tailerra hasi zenean nik ez nekien umeak edo gazteak sartu ahal zirenik". Arte eszenikoen batxilergoa egiten ari zela, herrikide batek esan zion tailerrean urte batzuk zeramatzala, "eta animatu nintzen. Ez zen bakarrik helduentzat, gazteagoak ere sartzea posible zen, hau zorte txarra,  COVID19a iritsi zela, "eta estreinatu aurretik konfinatu gintuzten". Lehenengo estreinaldia ezin izan zuen egin Urrak.

Ondoren, Urra Bilbora arte dramatikoa ikastera joan zen, eta bertan egonda ezin zen Irurtzunera tailerrerako bueltatu, "baina herrira bueltatu nintzenean argi neukan gauza bakarra zen tailerrera itzuliko nintzela". Bestela, antzezlana ikustera joango zela eta "inbidia" handia pasako zuela esan du irurtzundarrak. "Herriko jendea izanda eta ikusleak ere herrikoak direnez sortzen den giroa izugarrizkoa da. Obra ulertzen ez baduzu ere, etxe bat bezala bihurtzen da kultur etxea". Sarrerak egun batzuk lehenago agortu ziren, "beti betetzen da". Angel Saguesek sortzen duena ere miresteko modukoa dela esan du Urrak: "arte dramatikoa ikastera joan nintzenean sarrera frogekin lagundu zidan. Bost edo sei tailer ditu eta urtero obra desberdin bat prestatzen du tailer bakoitzerako". Lan egiteko modua ere "oso berezia" dela azaldu du: "Elkartzen gara adin oso desberdinetako hamazazpi pertsona astero, egun batean, bi ordu, eta barrezka pastatzen ditugu. Ez du inporta obra drama bat izan". Sortzen den sentsazioa "oso ona" dela esan du Urrak.


Enara, Elsa eta Peio antzerki tailerreko kideak. UTZITAKOA

Familia
Peio Aldaz aurreko urtean hasi zen antzerki tailerrean. "Valentzian ikasten egon nintzen, eta urte batez antzerki tailer batean egon nintzen". Aurretik tailerra ezagutzen zuen, "baina ez nuen inoiz sartzeko bultzadarik izan". Iaz lankide batek komentatu zion, "eta animatu nintzen". Hala ere, "zerbait" bazuen. "Oso polita izan da, eta gure artean oso harreman polita sortu da. Ez nuen espero". Aldazek taldearen belaunaldi artekoa goraipatu du. "Adin guztietako pertsonak gaude eta haien artean pertsona oso bereziak aurkitu ditut". Haien artean "ikasteko aukera" ematen duela esan du Aldazek ere. Mustutzearen aurrean Aldaz "urduri" dago, baina oholtzara ateratzen direnean "guztia gelditzen" dela aipatu du, "eta dena ateratzen da".

Bakoitzak "zerbait ematen" duela uste du Elsa Gutierrezek ere. Antzerki tailerrean bere lehenengo urtea da. Duela lau urte iritsi zen Palentziatik Irurtzunera, eta ez zuen antzerki tailerra ezagutzen. "Txikitan eskolan antzerkia egin nuen eta beti pendiente izan dudan gauza bat izan da, gogo handia izan dut beti, eta aurten egingo nuela erabaki nuen". Antzerkiaren munduan "lan egitea" gustatuko litzaiokeela esan du, "baina gauza bat eta beste uzten duzu". Tailerrean parte hartzen duen auzolagun batek tailerrari buruz hitz egin zion, eta parte hartzera animatu. Hasieran "lotsa handiarekin" hasi zen, "oso ongi egiten dutelako, urte asko daramatzate", baina oso pozik dago, baita estreinaldiaren aurrean urduri eta ilusionatuta ere. Datorren urtean jarraitzea espero du; tailerrean parte hartzera animatu du.

Un día en el campo antzezlana sortzeko denbora gutxi izan dute. Tailerra irailean hasi zuten, baina lehenengo bi hilabeteetan aurreko antzezlanaren emanaldiak egin zituzten. "Lehenengo egunetan Angelek galdetzen digu ea aurtengo montajerako ditugun perspektibak, aukerak, eta drama edo komedia nahiago dugun. Nahi duguna edo ez ateratzea beste gauza bat da". Datu bilketa egiten dute eta interpretazio ariketak egiten hasten dira. Aurten ere dantza sartuko dutela gaineratu du Aldazek, eta mugimendu ariketak egin dituzte ere. Ondoren, Sagues testua egiten joaten da eta zatika prestatzen joaten dira.

Aurten gerraren inguruko satira bat prestatu du antzerki tailerrak; erridikulizazio bat.