Eneko Aramendiak ongi ekin dio denboraldiari

Guaixe 2016ko mar. 15a, 09:49

Lizarrako Cirilo Zunzarren memorialean laugarrena sailkatu zen iturmendiarra

Asteburuan afizionatuen mailako Lehendakari Txapelketarako bi proba baliagarri jokatu ziren. Larunbatean, Urretxun 113,5 km-ko lasterketa zuten jokoan 23 urtez azpikoek eta esprint estuan erabaki zen proba. Jorge Azanza altsasuarrak zuzentzen duen Fundacion Euskadi-EDP taldeko Cyril Barthe gailendu zen (2:40:16). Rural Kutxako Pablo Alonso seigarrena sailkatu zen, denbora berean. Azanzaren taldea izan zen onena, eta Altsasuko zuzendaria oholtza gainera igo zen bere txirrindulariekin.

Bestalde, igandean Cirilo Zunzarren Memoriala jokatu zen Lizarran, Lehendakari Txapelketarako baliagarria hau ere (124 km). Lasterketa politan, Lizarteko Hector Carreterok lortu zuen garaipena (3:11:59). 43 segundora Telco´m taldeko Javier Ochoa sartu zen eta hirugarrena Parking Geltoki taldeko Xuban Errazkin izan zen, denbora berean. Aurten Rural Kutxan debutatu duen Eneko Aramendia iturmendiarra izan zen laugarrena, 53 segundora. Denboraldia primeran hasi du iturmendiarrak.

Datorrena
Asteburuan Lehendakari Txapelketarako baliagarriak diren bi proba jokatuko dira. Larunbatean, 21. Laukizko Udala Saria jokatuko dute 23 urtez azpiko afizionatuek 10:00etan (129 km) eta igandean, Bergaran, XLII. Gorlako Igoera egongo da jokoan 10:00etan (110 km). Bestalde, master mailakoek Funes Hiria lasterketa izanen dute larunbatean, 10:30ean (100 km) eta mendi txirrindularitzan aritzen direnek Tuterako Hiria Trofeoa dute jokoan igandean Tuteran.