Europako Txapelketetan eta Mundialetan parte hartu zuten irristalari nafarrei harrera egin zien Iruñeko Udalak

Guaixe 2016ko aza. 2a, 10:48

Tartean zegoen Ioseba Fernandez Fernandez irristalari iturmendiarra

Iruñeko Udalak, Joseba Asiron alkatea buru zela, Nafarroako Irristaketa Federazioari harrera egin zion, zehazki, uztailean Holandako Heerde hirian jokatutako Europako Txapelketetan eta irailean Txinako Nanjingen jokatutako Munduko Irristaketa Txapelketan aritu ziren irristalariei. Aurreko asteazkenean izan zen ekitaldia, Iruñeko udaletxean.

Europako Txapelketetan 8 irristalari nafarrek hartu zuten parte eta Mundialetan 3 irristalari nafarrek. Aipatzekoa da ere Espainiako selekzionatzailea, Garikoitz Lerga, nafarra dela. Irristalari nafarrek aipatu bi txapelketetatik 5 domina ekarri zituzten: Mundialean zilarrezko domina bat, eta Europako txapelketetatik bi urrezko domina eta zilarrezko eta brontzezko domina bana.

Fernandezen hiru dominak
Omendutako irristalarien artean Ioseba Fernandez Fernandez zegoen. Iturmendiarrak Mundialetan zilarrezko domina lortu zuen 100 metro sprinteko proban eta Europako Txapelketetan urrezko domina lortu zuen 100 metro sprinteko senior mailako proban eta zilarrezkoa sprint itzuliko proban. Iturmendiarrarekin batera, Jonathan Galar eta Maite Ancin lehiatu ziren Mundialetan, eta Europako Txapelketetan, aldiz, aipatu hiru irristalariez gain Leire Larrasoain, Mikel Faber, Adrian Garcia, Sergio Teré, Maialen Oñate aritu ziren.

Nafarroako Irristaketa Federazioak 60 urte baino gehiago daramatza lanean. Egun 1.100 irristalari daude federatuta, abiadura irristalarien, irristalari artistikoen eta hockey irristalarien artean.