Iturmendi: kintoak asmo berriekin

Guaixe 2018ko ots. 9a, 14:00

Artxiboko irudia

Aurtengo kinto iturmendiarrak hirukote bat da: Josu Etxeberria, Jacob Samanes eta Fermin Azkargorta. Baina haiekin batera kinto segizioa aurreko bi urteetako kinto zaharrek eta heldu den  bi urteetako kinto gazteek osatzen dute. Talde ederra, bertaz, elkarrekin parranda egiteko. Guztiak gaur arratsaldean elkartuko dira. Aritzaga elkartean afalduko dute eta han musika jarrita parranda ordu txikiak arte luzatuko dute.

Bihar, 11:00etan bildu eta elkartean gosalduko dute. Tripa-zuloa beteta, trikitilarien doinuak lagun dituztela etxez etxeko eskeari ekinen diote. Dirua ematen dietenei moskatela eta pastak eskainiko dizkioten esker ona azaltzeko. Eske-errondaren ondoren elkartean bazkalduko dute eta iluntzean Altsasura joanen dira kintoak dantzan ikustera. Han bertan afalduko eta parranda luzatuko dute. Aurtengo kintoen asmoa litzateke duela urte batzuk galdutako domekako kinto bazkaria berreskuratzea. Kintoak jakinaren gainean daude eta hari heltzea da asmoa.