Kintoak 2020

Kinto-eskea bihar

Guaixe 2020ko ots. 7a, 13:33

Soinuak gaztigatuko du non dauden kintoak.

11:00ak aldera aterako da 25 gaztez osatutako kinto-segizioa.

Haimar Agirre, Markel Diez de Arizaleta, Irune Goikoetxea eta Karla Goikoetxea dira aurtengo Iturmendiko kintoak. Haiekin batera segizioa kinto zaharrek eta kinto gazteek osatzen dute, guztira 25 gazte. Atzo guztiak afaltzeko elkartu ziren eta ondoren Altsasura joan ziren. Gaur, berriz, kinto afaria besterik ez dute eginen, elkartean. Zeren bihar egun handia dute kinto iturmendiarrek: etxez etxe parrandarako diru eskean ibiliko dira. Jasotakoa saski batean gordeko dute eta harekin pagatuko dituzte bazkari-afariak, koheteak eta beste. Nondik ibiliko diren argi jakinen da bonboa, trikitixa eta panderoa joko baitituzte. Kintoekin eskuzabal direnei jateko pastak eta edateko moskatela eskainiko diete. Baserritarrez jantzita ibiliko dira egun guztian. 

Etxez etxeko erronda despeditu ondoren, bazkaltzera elkartuko dira. Girotuta daudela Altsasura joanen dira, han afaldu eta parrandarekin ordu txikiak arte segitzeko. Domeka kinto iturmendiar batzuk atseden hartzeko ibiltzen dute, besteak, berriz, gaztetxean elkartuko dira ospakizunaren nolabaiteko errepasoa egiteko. 

Iturmendiko urteko kirekoak aurretik ere aritu dira eskean herrian barna, kantu-eskean zehazki. Urte Zahar gauean izan zen, Ur goiena kantua abestera atera zirena. Atera zuten diru kopuruarekin pozik daude kintoak. Horretaz aparte, kintoek badute beste zeregin bat: maiatzaren 1ean herriko plazan zutitzen den arbola, maiatza, beheko basotik herrira ekarri beharko dute.