Ia ordu beteko lana maiatza zutitzeko

Guaixe 2024ko mai. 2a, 12:54

Iturmendiarrek arratsaldean jaso zuten maiatza.

Hirurogei bat herritar 21 metro luzeko pagoa zutitu zuten. Hari muturrean 5 metroko lizarra jarria zioten. Beharrezko prestaketa lanen ondoren, 18:15ean hasi ziren. Ignacio Arbizuk zuzendu zituen eman beharreko pausoak eta egin beharrekoak 50 minututan despeditu zituzten.

Hala ere, herrian izan zen bestelakorik. Hasteko udaberriko zizen erakusketa izan zen auzogelan 18:30etik aurrera. Aurretik, 10:30ean, erakusketa prestatzeko, herritarrek eramandako zizak sailkatzen hasi ziren. Eguerdian elkartasun bazkaria izan zen. Haren bidez, otsailaren 6an atxilotutako herritarraren auzibide gastuei aurre egiteko diru bilketa egin zen. Helburu berarekin egin zen zozketako zenbaki saritua 1.155a izan zen. Maiatza zutitu ondoren herriko dantzariek frontoian dantzatu zuten.