Astekoa

Gure gudariak

"Nik ez nuen aitatasun baja osorik hartu momentu hartan lan handia genuelako, sakrifizioa egin nuen ezinbestekoa nintzelako." Ez dira ez bat, ez bi esaldi honen jabe diren gizonak, asko dira. Horrela konpondu dute batzuek esparru profesionala eta pertsonalaren arteko gatazka.
Aztertu ditzagun bi espazio horietako bakoitzaren ezaugarriak. Alde batetik, lan erremuneratuaren espazioan kokatzen dira balio ekonomikoa, errekonozimendu soziala eta prestigio pertsonala, adibidez. Beste alde batetik, zaintzaren eremuan aurkituko ditugu inongo balio ekonomikorik ez duten lanak, eremu pribatuaren isolamenduan garatzen direnak eta sozialki inork aitortzen ez dituenak.

Beraz, norbaitek "nik ez nuen aitatasun baja osorik hartu" esaten duenean zera dio: "erabaki nuen nire zaintza ardurak ez betetzea eta errekonozimendu publikoa, ekonomikoa eta soziala ematen didan eremura itzultzea, inongo aitortza publiko, ekonomiko eta sozialik ez duen eremuan geratzea baino; nahiz eta horrek eragin nire bikotekidea denbora luzeagoz geratu behar izatea inongo errekonozimendurik gabeko zaintza eremuan".
Hara ze sakrifizioa. Domina batekin saritu beharko genukeen beste jarrera miresgarria, ez balitz erabat arduragabea dagozkizun zaintza ardurak ez betetzea.

Argi dago zaintzaren eremuan eskubideak eta betebeharrak legez arautzea ezinbestekoa izango dela, bestela, batzuek haien pribilegioak erabiltzen jarraituko dute, sakrifizio estoikoz mozorroturik, haien zaintza ardurak ez betetzeko. Eta beste batzuk guztion bizitzei eusten jarraituko dute erabateko gutxiespenean.