Zakua lepoan

Erabiltzailearen aurpegia Aitziber Grados Muñoa 2020ko aza. 13a, 08:21

COVID-19aren bigarren berragertze olatua iritsi da. Oraingoan gizartearen ikusmiran dagoen bikote bateragarri hau izan da erruduna: gazteak eta botiloiak.

Igandero hauekin loturiko albisteak hedabideetan: positibo kopuru berrien datuak lehenengo, horien portzentaje jakin bat gazteak direla esaten eta horrekiko herritarren hausnarketak, epaileak bailiran. Beste arduragabekeria batzuk egingo ez balira bezala. Botiloi batean parte hartzeak segurtasun neurriak ez errespetatzera eraman gaitzake, noski. Unibertsitatera edo lanera joateko autobusean edo metroan sartzeak, baita ere. Botiloia egitea: aukera arduragabea, eta autobus sardina latan ikastera edo lanera joatea: betebeharra. Hortxe dago giltza. Ezarri diren neurriak apur bat laburtzearren: etxetik lanera eta lanetik etxera; argi? Arazoak ostalaritza eta gaueko hamarretatik goizeko seietara bitarteko kontuak direlako. Eta gazteak.

Arduratsuak izateko eskatzen digute zentzurik ez duten neurri arduragabeen aurrean. Osasun krisi batean osasun neurriak behar dira eta askatasun sozialen etetea ez da horien artean aurkitzen. Lepogainera jaurti diguten neurrien zaku horrek argi eta garbi erakusten du neurriak nork, norentzat eta zergatik inposatu dizkiguten.

Orain askatasuna eten digutela eta ostalaritza itxi dutela, hurrengo olatuan nori botako diote errua? Zertan oinarrituko dira orain autonomia erkidegoetako gobernuak, hedabideak eta hauen histeria kolektiboaren biktima diren herritarrak? Ikusiko dugu. Beharbada birusaren hirugarren olatua Olentzerori leporatuko diote.