Astekoa

Emakumeon borroka

Erabiltzailearen aurpegia Andrea Carrillo Juanbeltz 2024ko mar. 18a, 09:53

Ni emakume bat naiz. Hazi ahala, honen parte izatearen esanahiaz jabetu naiz. Eta hura deskubritu nuenetik, bertatik nola ihes egin nuen konturatu naiz, emakume izatetik, neuregandik. Egia esatekotan, eraikitako mundu honetan ez gara oso urrutira iristen, emakume gisa. Arauak, besteek egindako lekua, non derrigorrez sartu behar duzun. Horixe bera norbera izateko neurria izanda, gainontzekook bizirik irauteko aplikatu duguna. Sexu arauak, harreman arauak, arrakasta arauak, gorputz estandarrak, bizitza estandarrak. Ihesbiderik ez.

Leku hori utzi nahian, ordea, alde batera uzten duzu zeure burua; emakume izateari uzten diozu, gainerakoek definitzen baitzaituzte. Beraz, besteekin konparatu, lehiatu, bereizten zara, leku baten bila. Horrek, era berean, zeuretik eta guztietatik bereiziz eta urrunduz, emakume izate hori garaitzeko. Ez dut gogoko neure buruaren aurka borrokatu behar dudan mundu bat. Horretan aritzea besteak etsai bihurtzea da.

Ez dut mugarik nahi, arauak desagerrarazi nahi ditut. Ukitu gaitezen behingoz. Borrokaren batasunean sinetsi izan dut beti. Gure artean maiteminduz. Ni neu izateko askatasunean, besteei ere askatasunez erakusteko aukera emanez. Borroka batasuna izan dadila; besarkada bat.
Emakume izatea aberasgarri bezain anitza da. Emakume sentitu ala bulba ez izan arren, zer arraio! Kanpoan nor geratzen den ez dut nik esango. Ezin baitut partekatu guztiok entzuten ez ala zatika defendatzen gaituen borroka. Ezabatu ditzagun mugak. Alda ditzagun arauak. Zuk beti izango duzu lekua nire borrokan.