Bazterretik

Inflamazioa, puztuta sentitzea baino haratago

Erabiltzailearen aurpegia Anne Azkona Unanua 2023ko urr. 30a, 09:23

Inflamazioa puztuta sentitzea baino askoz gehiago da: zure immunologia sistemaren defentsa erantzun zelularra da, edozein "erasotzaileren" aurrean… eta egunero gertatzen dena, izan ere, jaten duzun bakoitzean, umorez aldatzen duzunean, erreakzio baten aurrean, erasoa hautematen duzunean…

Bertan hainbat hormonak parte hartzen dute; adibidez, kortisola, histamina, estrogenoak… eta guztiak beharrezkoak dira osasunerako. Dosi txikietan efektu positiboak dituzte, baina X faktoreagatik horiek desorekatu eta gehiegi handitzen hasten direnean, orduan sortzen da inflamazio bat, akutua edo kronikoa izan daitekeena.

Akutua beharrezkoa da, eta iraupen laburrekoa. Egunero gertatzen zaigu, konturatzen ez bagara ere. Kronikoa aldiz, ez da konpontzen, eta gaixotasun kroniko gehienen oinarrizko mekanismoa da. "-itis" amaiera duten guztiak. 

Inflamatzea behar duzu bizirik irauteko, baina ez duzu inflamaturik bizi behar. Badakigu gure immunitate sistemaren %70 gure hesteetan dagoela, eta sistema immunologikoak inflamazioa kontrolatzen duela; orduan, inflamazioaren zati handi bat mikrobioak kontrolatzen duela esan genezake.

Elikadurari dagokionez, beraz, egokia litzateke landare jatorriko produktuetan oinarritzea, antioxidatzaile eta zuntz ugari baitute. Batez ere barazkiak, tuberkuluak eta frutak, kalitatezko proteinak kontsumituz, arrain urdinak lehenetsiz omega-3 edukitzeagatik, gantz osasuntsua (fruitu lehorrak, oliba olioa, haziak, ahuakatea), lekaleak, espeziak eta neurri txikiagoan zerealak. Behar adina kontsumitu behar da, eta asetasun sentsazioan arreta jarrita, sasoiko elikagaiak kontsumituz eta barau luzeagoak edo afalordua aurreratuz.

Jaten duzunaz aparte, zenbat jaten duzun, nola, zenbatero, jaten duzunarekiko zein erlazio duzun ere funtsezkoak izango dira. Estresa eta emozioak kudeatzeko gaitasuna landu, eguneko mugimendu eta eguzki argiarekiko esposizioa handitu, eta loaren higieneari garrantzia eman behar zaio. Arazo honen aurrean, laguntza profesionala eskatzea funtsezkoa da. 

Erlazionatuak