LANIN-G bidez partehartzea lantzen

Erabiltzailearen aurpegia Cederna Garalur Sakana 2014ko ira. 17a, 15:39
Nafarroako Mendialdean elkarlanean ari dira arlo pribatua eta publikoa, lana eta ekonomia sustatuko dituzten proiektuak identifikatu eta bultzatzeko

Nafarroako Mendialdeari bultzada emateko asmoz, elkarlanean eta parte-hartzean
oinarritzen den lan metodo berria bultzatu du Cederna-Garalur Nafarroako
Mendialdeko garapen elkarteak. Lanin-G1 izena eman diote, lan eginez lortuko delako
landa eremura berrikuntza, sormena eta etorkizuneko lanpostuak iristea. Horixe da
erronka nagusiena, krisitik irteteko pausoak ematea eta elkarlana da horretarako giltza.
Eskura ditugun giza-baliabideei, baliabide materialei eta naturak eskaintzen dizkigun
altxorrei duten balioa ematen ikastea. Esate baterako, oihanen ustiapen egokia egitea,
bertan ekoiztu eta bertan kontsumitzeko bideak zabaltzea, biomasa hedatzea…
Entitateen elkarlana giltzarri
Ingurune batek dituen indargune eta ahulguneak ezagutzeko zer hoberik bertakoei
galdetzea baino? LEADER2 programa hartu dute oinarri eta lan talde irekiak osatuta ari
dira lanean. Gobernantza parte-hartzailea eginaz, arlo pribatua eta publikoa,
norbanakoak, elkarteak, enpresak, mankomunitateak… hartu-emanean jarri dituzte.
Batzuen eta bertzeen ikuspegiak jasota errealitatea ahalik eta hobekien ezagutu
nahian.

Etorkizuna eraikitzeko lanean
Nafarroako Gobernuak eta Europako Batasunak finantzatu dute egitasmoa LGPNafarroako
Mendialdea 2007-2013 programaren bitartez eta 48.000 euroko aurrekontua du. 2013an hasi ziren lanean eta urte amaierarako 16 bilera eginak zituzten, 187 parte hartzailerekin.

Lau fasetan banatua
Lanin-G lan metodoa lau fasetan banatzen da. Lehendabizi, eremu estrategikoak
zehaztu eta esparru desberdinetako ordezkariak bilatzen dituzte, hauekin lantaldeak
sortzeko. Iritziak bildu eta eskualdearen diagnosia egitea da hurrengo pausoa.
Segidan, lan ildoak eta jarraitu litezkeen estrategiak proposatzen dituzte denen artean
eta amaitzeko egitasmo horiek aurrera eramateko akzio zehatzak planteatzen dira.
Nafarroako Mendialdea ingurune zabala denez, lan dinamika errazteko helburuarekin,
proiektua zazpi eremutan banatzea erabaki dute: Sakana, Bidasoa-Baztan-Malerreka,
Aezkoa-Erro-Esteribar, Mendialdea, Erronkari-Zaraitzu, Zangoza aldea eta Pirinio
aurrea. Dena den, Nafarroako Mendialde osoan Natur Guneetako turismoa eta
mikologia garatu nahi dituztenez, arlo horietarako mahai sektorial bana osatu dute eta bilerak egiten ari dira dagoeneko.