Bazterretik

Halley kometa

Erabiltzailearen aurpegia Ekain Alegre Gil 2023ko urr. 23a, 15:59

Gogotsu zaude. Bi urtetan behin jokatzen den txapelketa batek berriro eman dizu zure herrian bertso saio bat entzuteko parada. Ilaran zaudela, zu bezala sartzeko itxaroten daudenen aurpegitan ilusioa nabari dezakezu, haiek ere badakitelako Halley kometa pasatzen ikustea bezalakoa dela herri honetan bertso saio bat: gehiagotan ikusi nahiko zenukete, baina agian ez duzu berriz aukerarik izango. Goraino beteta dagoen aretora sartu zara azkenean eta espero zenuena topatu duzu: sei bertsolari kantuan eta hiru orduz haiek kantaturikoei txaloka erantzuten dien entzuleria. 

Saioa amaitu da, eta etxerantz oinez zoazela, hainbat gogoeta hasi zaizkizu garezurra kolpatzen, erantzun bila. "Zergatik hemen ez dago bertsolaririk?" bota dizu lehenengoak. Baduzu herriko hainbat gaztetxoren oroitzapena, urte batzuk atzera nonbait entzun omen zenituenak eta albisteren batean ikusi zenituela ere zin egingo zenuke, baina seguru zaude gaur egun ez dabiltzala bertsotan: "haien herrian ez badute abesten, beste inon ere ez dute abestuko".

Bigarren pentsamendu bat iritsi zaizu etxeko giltza sarrailan sartzen duzun bitartean: "hainbeste jende bildu bagara gaur, zergatik ez dira bertso saio gehiago egiten hemen?". Ia ironikoa iruditzen zaizu aniztasun kulturala eta kultura eskaintza zabala bereizgarritzat daramatzan herriak Nafarroa Arena bete zuen diziplina kulturalari ezikusiarena egitea, are gehiago ikusten duzunean ondoko herrietan haren lekua hartu duela bertsolaritzak, baina: "zergatik hemen ez?".

Erantzunik gabe utzi dituzun galderak buruan bueltaka dituzun bitartean hasi zara afaltzen, oraindik entzun berri duzun saioa memorian presente duzula. Nahiko zenituzke fenomeno astronomikoak sarriago ikusi, baina badakizu Halley kometa bakarrik pasatzen den herri honetan gehiegi eskatzea dela hori.