Bazterretik

Azken finean

Larunbat gaua da. Poteo luze baten ondoren erabaki duzue gaztetxera joatea, bertan kontzerturen bat omen dagoelako. Sarrerara heldu zaretenean bost euro eskatu dizkizuete sartzeko: "bost euro kontzertu batengatik?" galdetu duzu harriduraz. Azkenean, ordaintzea erabaki duzu eta barrura sartu zara. Uste zenuena baino hobea izan da kontzertua eta euskarazko abesti propioak abestu arren, ongi pasatu duzu. "Nola deitzen da taldea?" galdetu diozu ondokoari, baina erantzuna jaso aurretik zure kuadrillak taberna batera doazela esan dizu.

Tabernara sartu zara eta sorpresa jaso duzu musika entzutean: euskarazkoak dira abestiak. Lehenengo Hertzainak, Kortatu gero, EH Sukarra… "ze arraroa!" pentsatu duzu, "ematen du ez dela azken 20 urteetan euskarazko abestirik egin"; baina azken finean, tabernak negozioak dira eta zertarako arriskatuko dira abesti berriak jartzen?

Beste taberna batera joatea erabaki duzue eta hemen jada ez da euskarazko abestirik entzuten. Inoiz entzun ez duzun abesti bat jarri dute eta bertan dauden guztiek abestu dute ezezagun zaizun kantuaren estribilloa. Lagun bati galdetu diozu ea zein abesti den: "ez dakizu zein den? Atzo Bizarrapek atera duena da eta!" erantzun dizu berak. Badirudi erdarazko abestiekin merezi duela arriskatzeak, azken finean horiek dira jendeak entzuten dituenak, ez?

Hala ere, ez duzu egoera ulertzen: badaude musika berria (eta euskaraz) egiten dutenak, baina euskal abesti bati arrakasta iristen ez zaion arte (normalean irratian edo telebistan jartzen dutelako heltzen dena), ez omen da publiko orokorrak entzuteko modukoa; eta zergatik erdarazko abestietan ez da hain mantsoa bidea?

Dakizun gauza bakarra bihar Spotify-n betiko lau abestiak entzungo dituzula da; azken finean, zertarako entzungo duzu musika berria ez badio inork aukerarik ematen?