Kolaborazioa

Sakanako esaera zaharrak (I)

Esaera zaharrek herriaren jakinduria jaso izan dute idazteko joera edo ohitura ez zenetik. Ahoz aho joan dira belaunaldi ezberdinen hiztegian metatzen eta hauek bizitakoen eskarmentuan dute bere jatorria. Nolabait azaltzeko haien izaera, ahozko herri filosofia osatzen dutela esan genezake.
Hasierako txanda honetan, beste batzuk ere etorriko baitira, urtea mustu egiten dugun honetan, egutegiarekin eta eguraldiarekin lotuta agertzen zaizkigun esaera zaharrak izanen ditut hizpide. 

Apibil biribil, urdiek zotolan gosiek il! (Aranatz), Apibil biribil, urdiek urdetaien gosiek hil! (Burunda)
Apirila ‘biribil" denean (gogorra, negu klimatologikoa pasatu gabe oraindik), jatekorik gabe zotolan edo urdetegian (basoko txerriendako txabola), goseak hilik suerta daitezkeela gaztigatzen digu.

Apiribil azkenien, ostua Aizgainien! (Bakaiku)
Noizko ateratzen duten hostoa pagoek Bakaikuko Aizgainen (Barga gaineko toponimoa) adierazten digu. 

Apibila fan da maietza gero, ganbaa baztarrean agotza bero! (Burunda)
Behin apirila eta maiatza ere pasatuta, etxeko ganbaran negurako pilatutako ahotz hondarrak bertan gera daitezke. Amaierako hitza egon aditzaren aginterako forma trinkoa, bego (egon bedi), izan daiteke, aurreko zatiko amaierarekin errima erabatekoa egiteko.

Aran urte, elur urte! (Aranatz), Ezkur urte, elur urte! (Aranatz), Elur urte, gari urte! (Burunda), Ezkur urte, xagu urte (Lizarraga)
Arantzak arana eta haritzak ezkurra erruz ematen dutenean, elurra izanen dela neguan adierazten du. Burundakoak, aldiz, elurra mesedegarri izaten dela gariarendako. Lizarragakoak ezkurra ugari izatearen alboko kaltea ere jasotzen du.

Elorriye lorien, artzeye mendi geñen! (Aranatz)
Elorria loratzen denean da momentu egokia ardiak mendira eramateko, ez lehenago behintzat.

Erramu beruek itto ta Lazaro otzak il! (Etxarri Aranatz), Lazaro otzak il, Erramu urak yan! (Burunda)
Lehenak, negua eta udaberriaren arteko eguraldiaren ezegonkortasuna adierazten du, astebeteko epean (Erramu igandetik, Pizkundekora) muturreko bi egoerak suerta daitezkeela gaztigatuz. Bigarrenak, muturreko bi egoerak kaltegarriak izan daitezkeela, batean hotzak garbitzen eta bestean urak (euriak) eramateko (yan) moduan. 

Goiz gorri, atsaldien/arrats auri! (Aranatz, Sakana), Goiz gorri, arratseako yauri! (Burunda), Arras gorri, biyer egueldi! (Aranatz, Sakana)
Eguraldi iragarpena. Argisentian, zerua gorriturik agertzen denean eguzki aldetik, arratsaldean seguruenik euria eginen duela lehenak; eta bigarrenak, aldiz, iluntzean zerua gorriturik dagoenean eguzkia sartzen den aldetik, hurrengo egunean eguraldi ona izanen dela. Hitzez hitz hartuz gero horietako azkena, beti asmatzen duela esan beharko genuke, baina ez da ahaztu behar izenak, izenondorik gabe erabiltzen direla beste hainbat testuingurutan: Gaur bai eguraldia! Pilotaria da hori, gero!

Ilbeltza ta iltxui, ez ardi ez axui! (Aranatz), Ilbeltza, bada il txuri, ardiyek aziko dau axuri. Ilbeltza ez bada ilzuri, ez ardi ta ez axuri! (Bakaiku)
Ilbeltza esan izan zaio Sakanan eta Nafarroako beste euskal hizkera askotan urtarrilari. Bakaikuko esaeraren azalpena eman zuen Frantzisko Ondarrak: "Zengaiti elurrakin etxien mantenatzen dia ta indarra hartzen dai etxeko janakin". Aranazkoak, aurrerago jotzen du esanez berez gogorra den hilabetea txuriz jazten bada, ez dela epe horretan gauza onik (ez ardirik, ez axuririk) izanen.

Kandelaria otz, negube motz!, Kandelaria bero, negube gero! (Aranatz, Burunda)
Otsailaren 2an izaten da Kandelaria edo Kandelera eguna eta beste behin, eguraldia iragarri egiten da epe luze samarrerako. Otsailaren hasierako eguraldiak, orduan, baldintzatzen du udaberria nolakoa izanen den.

Kuku, Sanjuanetan/Sanpedrotan mutu! (Aranatz)
Garagartzaroaren (ekaina) amaiera aldera (hilak 24-29 tartean) uzten dio kukuak kantatzeari eta badirudi, gainera, garagartzaro osoan ez zaiola indar gehiegirekin entzuten.

Marsuben iru aro: goizien loi laparra, eguerdiyen giro ona, ta gaubien sekogi! (Etxarri Aranatz, Unanu)
Aro izenak ereiteko giroa, gaztelaniako "tempero", esan nahi du eta esaera honen arabera, martxoan, negua eta udaberria artean, egunean zehar eguerdikoa dela girorik egokiena horrelako lanetarako adierazten du. Lohi laparra, itsaskorra, aitzurrean itsatsirik gelditzen dena.

Marsuben leiñua nuaño, apibillen elurra autzeño! (Lizarraga), Marsuko lainua nuaindo, elurra haraindo (Burunda)
Martxoko lainoa noraino igotzen den mendian, haraino jaitsiko da elurra eremu berberan hurrengo hilabetean. Alderantziz proportzionala beraz lainoa elurrarekiko bi hilabeteetan.

Marsuko ostotsak, berrogei egun negu! (Etxarri Aranatz)
Martxoan ostotsak edo trumoiak, ekaitzak, ugari badira, neguak iraun eginen duela maiatzeraino adierazten du. 

Meyetzien elorriye loria, artue lurria! (Etxarri Aranatz)
Nekazariarendako aholkua ematen du esaera honek, adieraziz elorria loratzen hasten denean maiatzean, orduan dela momentua artoa ereiteko, lurrean sartzeko.

Santa Kruz meyetzeko, gui souek leyetzeko! (Arbizu, Lizarraga), San Migel maietzeko, gue sorua laiatzeko (Burunda)
Santa Kruz eguna 3an eta San Migel 8an izaten dira maiatzean eta esaerak adierazten du Arbizun eta Lizarragan lehenak eta Burundan bigarrenak, berandu izanagatik oraindik soroko lanak egin gabe daudela, aurreko eguraldi txarraren ondorioz, bistan da.

Txikiye banitzen, aundiye banitzen, meyetzien buutu nitzen! (Etxarri Aranatz), Txiki nitzan, aundi nítzan, maiatzian buru nítzan! (Bakaiku), Txikia banintzan, aundia banintzan, maiatzien zorruen nitzan! (Urdiain)
Asmakizun moduan erabiltzen zen esaera honen arabera, maiatzean dagoeneko galburua (gari burua) eginik izaten da gari soroetan. 

Otsailko, otsailko, igati ibilko ttuk nee ardiyek salto ta brinko! (Etxarri Aranatz)
Etxarriko artzain batek esan omen zuen esaera hauxe otsailaren 28an ardiekin mendira zihoala, baina ez zuen nonbait kontuan izan bisurtea zela ordukoa eta hurrengo egunean, 29an, elurraldi izugarri baten ondorioz, ardi gehienak hil zizkion mendekua harturik otsailak bezperako adarjotzeagatik.
Otsail txiki hasarria, eraiz beste guztiek baindore obia! (Burunda) Otsaila da hilabeterik labur edo txikiena, baina beste guztien modukoa bestela.

San Juan eguna, argittu orduko/argitziako illuna! (Aranatz)
Esaera ironikoa dugu hauxe eta gustura egotean zein azkar pasatzen den denbora adierazten du. Etxarrin kontatzen zen bi emakume arbizuar lixutokira joan zirela goizean arropa garbitzera eta hantxe lanean eta hizketan aritu ondoren, lixutokiaren atarian buru gainean (burkiño) arroparen saskia zeramatela hitz eta putz jarraitu zuten, halako batean konturatu iluntzen hasia zela eta haietako batek hauxe esan zuen arte, urteko egunik luzeenean.

San Klemente papa, elurre tipi-tapa! (Aranatz)
Azaroak 23, San Klemente, Lizarragan festak. Esaerak adierazten digu ohikoa izan dela garai horretan elurra ikustea gure inguruan eta aurten ere hala izan da.

Santa Luzia egunezkioz oiluen atxaparra luzetzen da eguna. (Bakaiku, Lizarraga)
Abenduaren 13an hasten omen da eguna luzatzen, oso gutxika (oiloaren atzaparra adina) bada ere.