Astekaria

"Sentsazio ona dut sanferminetara begira"

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Rubio Mendoza 2023ko uzt. 12a, 10:05
Aitor Oiarbide, Harri-jasotze erakustaldi batean. UTZITAKOA

Aitor Oiarbide harri jasotzaileak iaz Nafarroako txapelketan lortu zuen marka hobetzea espero du; gogor entrenatu dela azaldu du

Etxarriko ikastolan, ikaslea zela, herri kirolen munduan murgildu zen Aitor Oiarbide etxarriarra. Irurtzunen harri jasotze eskola bat irekiko zutela esan zioten, eta bertan hasi zen harriak mugitzen. Orduan ezagutu zuen Mikel Lasarte, eskola horretako entrenatzailea, eta geroztik alboan izan du Oiarbidek, mentore gisa. Egun 30 urte ditu, eta ia hamar urtez apenas lehiatu gabe egon den arren, sekula baino gogotsuago dagoela azaldu du. Sanferminetan eginen den Herri Kirol Jaialdietan ariko da, uztailaren 13an, Iruñeko Foru Plazan.

Etxarriko ikastolan hasi eta Sakanako Harri Jasotze eskolan jarraitu duzu trebatzen, Mikel Lasarterekin.
Bai, berak irakatsi dit dakidan guztia. Gaur egun ere ezinbestekoa dut, bera ez balego entrenamenduak eta abarrak ez lirateke berdinak izango.

Nafarroako Harri Jasotze Txapelketan aritu zinen iaz, sanferminetako herri kirol jaialdian. Aurten ere ariko zara.
Hiru harri jasotzaile geunden, eta azkena izan nintzen, osotara 2675 kilo jasota. Etxarriko Euskal Festan erakustaldi bat egiteko eskatu zidaten, eta serioago entrenatzen hasi nintzen. Gogotsu ekin nion eta sanferminetara joatea erabaki nuen. Bizpahiru hilabetez trebatzen ibili nintzen, nahiz eta emaitzak ez ziren esperotakoak izan.

Zer dela-eta egon zara harri jasotzetik aldendurik?
Lana dela-eta bereziki. 22 urte nituenean aldendu nintzen apur bat. Orain, 30 urte ditut. Noizean behin ibili izan naiz entrenatzen; izan ere, betidanik gustatu izan zait.

Gogotsu aurtengo sanferminetako erakustaldirako?
Bai. Aurten gehiago trebatu naiz, eta espero dut dena hobeto joatea. Sentsazio ona dut. Egiten dudan erakustaldi bakarra da, gainera, sanferminetakoa. Gainera, sanferminetako herri kirol jaialdiaren baitan, Nafarroako harri jasotze txapelketa eginen da.

Zein da zure indargunea?
Teknika dela esanen nuke. Gaur egun dauden harri jasotzaileekin alderatuz gero, nahiko txikia naiz. Beraz ez naiz pisua altxatzeagatik nabarmentzen. Malgutasunean datza nire teknika. Flexibilitate asko behar da harria jasotzeko eta mugitzeko.

Zilindroa, kubikoa edo bola nahiago?
Kuboa. Hoberen datorkidan harria da, teknikoena da, eta gehien disfrutatzen dudana da.

Zein da jaso duzun harri astunena?
Etxarrin egin zen Nafarroa Oinezean, 2009an, 150 kilo jaso nituen, 16 urterekin. Plazatik at, entrenamenduetan, 165 kilokoa jasota daukat, baina ordutik ez dut probarik egin, Irurtzungo eskolan ez baitugu harri handirik.

Harri jasotzea eta, oro har, herri kirolak osasuntsu daude?
Euskal Herri mailan, indartsuago ikusten dut, EITBk eskainitako Harri Herri programari esker, besteak beste. Nafarroan apalago ikusten dut. Hiru pertsona gabiltza, azken batean, harri jasotzean. Agian badu zerikusirik saio horretako parte hartzaile guztiak gipuzkoarrak izateak. Nafarren bat agertuko balitz…

Aholkurik hasiberrientzat?
Pazientzia izan dezaten, eta, batez ere, beren helburua ez dadila izan kiloak mugitu eta harri handiak jasotzea, astakeriarik gabe, poliki-poliki. Indar kontua badirudi ere, teknika da garrantzitsuena. Behin hori menderaturik, konstantzia izatea da gakoa.

Emakume asko dabiltza herri kiroletan?
Azken urteetan zerbait bai. Berriozarren, esaterako, indartsu dabiltza emakumeak azkenaldian. Emakumeen erakustaldi batzuk egin dituzte. Polita da neskatoen herri kirol mundua berpiztea.