Disko jaurtiketa

June Kintana Federazio Autonomikoen Txapelketan ariko da, Iruñean

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Rubio Mendoza 2023ko uzt. 13a, 10:12
June Kintana, Larrabide estadioan. J.P URDIROZ

Silesiako emaitzak ez ziren esperotakoak izan; Iruñean hobeto aritzea espero du

June Kintana bakaikuarra Espainiako Federazio Autonomikoen Txapelketa Absolutuan lehiatuko da, datorren uztailaren 15ean, Iruñeko Larrabide Estadioan. Lehiaketa garrantzitsua da oso bertan ariko diren atletentzat, 2024ko Parisko Olinpiar Jokoetara joateko sarbidea lortu baitezakete.

Bakaikuarraren aburuz, gogorra izanen da txapelketa, "atleta asko baitaude eta denbora asko pasatzen delakoz jaurtiketa batetik bestera". Alabaina, sentsazio onak ditu Kintanak, eta etxean aritzeak motibatu egiten duela dio. "Aste honetan nire marka pertsonala hobetu dut, 58,08 metro, eta Nafarroako errekorra hobetu dut".

Goizeko 9:00etatik iluntzeko 22:00ak arte ariko dira atletak estadioan, eta eguerdiko 12:40an izanen da Kintanaren txanda. Sanferminetako festei amaiera emanen die txapelketak. Halaber, Nafarroako Atletismo Federazioaren urteurrena izanen da; 1923 jaio zen federazioa, eta 28 atletismo-klub barnebiltzen ditu.

Silesian, goibel
Taldekako Europako Txapelketa egin zen ekainean, Silesian (Polonia), eta emaitzak ez ziren esperotakoak izan Kintanarentzat. "Ez zen egun ona izan". Halere, Selekzioko gainerako kideen emaitzei esker, laugarren postua
eskuratu zuen taldeak.