Astekoa

Urteko egunak

Gauza jakina da urteak 365 egun dituela eta lau urtetan behin 366. Baina ez da horren ezaguna horien artean 189 Munduko egun, Nazioarteko egun eta egun Unibertsala izendatuak direla.

Izendapen hauek NBEk, osoko bilkuran, adostasunez eta ebazpen formala baten bitartez egiten ditu. NBEren agentzia espezializatuek ere, UNESCOk, FAOk eta OMEk, badute gaitasuna erabaki horiek hartzeko.

Eguna, Mundukoa, Nazioartekoa edo Unibertsala izateak berez ez dakar inolako ezberdintasunik egunaren izaeran, baizik eta eguna izendatzeko proposatzen duenak hala izendatua izan dadin eskatu duela. Egun hauek, normalean, egoera jakin batzuen inguruan sentsibilizatzeko eta eskubideak aldarrikatzeko baliatzen dira.

Gaur, adibidez, Entzumenaren Nazioarteko eguna eta Basa-bizitzaren Munduko eguna da.

Tamalez, gehienok, gehienetan, ez gara enteratzen bizi garen egunean zer ospatzen edo aldarrikatzen den, eta zein egun den jakiteko, batzuetan, nahiko lan.

Baina badira beste egunak guztion gogoan izaten direnak, eta horietako bat da heldu den asteazkena, marsuaren 8a, Emakumearen Nazioarteko eguna, Berdintasuna aldarrikatzeko eguna, non gizonok zer esan eta egin handia daukagun.

Lerro hauetatik, ezinbestean, Berdintasun horren alde, emakumeek eta gizonok bat egin dezagun animatu nahi dut.

Jakina da egun bateko ekimenarekin ezer gutxi aurreratuko dela eta eguneroko borroka dela baina eguna ezin dela alferrik pasatzen utzi ere garbi izan behar dugu.

Hori hala izanik, eta 189 munduko egun edo antzekorik izendatuak daudela ikusirik, ez litzateke batere gaizki izanen, gaurko ostirala guztiondako mundiala balitz, inoren baimenik edo izendapenik gabe.