Hara zer dien

Mintza gaitezen suizidioaz

Erabiltzailearen aurpegia Olaztiko Gazte Asanblada 2023ko urr. 30a, 09:10

Maisuenea gaztetxean aurten hasi gara dinamika berri batekin, hilabeteko asteburu ia guztietan ekintza ezberdinak antolatzen. Asanbladetan ekintzetarako ideia ezberdinak jasotzen ditugu eta horietako bat izan zen suizidioari buruzko hitzaldia. Irailerako antolatu nahi genuen, baina Iratxe Etxenikerekin harremanetan jarri ondoren, berak esan zigun hobeki zetorkiola urria, eta hortaz, urriaren 15erako lotu genuen solasaldia.

Iratxe Etxenike Biziraun elkarteko kidea da eta Psikologia ikasketak burutu ditu EHUn. Berak azaldu zigun pixka bat nolakoa izan behar zen dinamika, baina hala ere guk ezer gutxi genekien egin behar genuenari buruz.

Eguna iritsi zen, eta berarekin jendea: Olaztiko gazte zein helduak, Sakanako jendea, jende ezezaguna, irakasleak, familiak, eta abar. Orduan, Iratxek hartu zuen lekukoa eta zati teorikoarekin hasi zen, non informazio pila bat azaldu zuen suizidioari buruz, prebentzio aholkuak, datu ofizialak, mito pila bat, gaiari buruzko dokumental eta liburuak… Atal teorikoa bukatuta, Iratxek hitza eman zion publikoari eta orduan hasi zen jendea esperientziak azaltzen, iritziak plazaratzen, gizarte zein instituzioak kritikatzen… Oro har, jendea hitz egiteko gune seguru batean sentitu zela pentsatzen dugu, eta harritu egiten gaitu jendeak gaztetxea horretarako espazio bezala hartzea.
Aipatzekoa iruditzen zaigu jendeak orokorrean bi gauza azpimarratzen zituela: suizidio egoera baten aurrean zer egin ez jakitea, eta instituzioen arduragabekeria. Bien arteko lotura nabarmena da, gobernuak ez baditu baliabideak ematen suizidioa lantzeko, prebenitzeko, kontzientziatzeko, laguntzeko, informatzeko, eta abar, zaila da edonorentzat horrelako kasu baten aurrean zer egin jakitea. Beraz, guztiz ulergarria da jendeak gobernu zein instituzioekiko izan zuen jarrera oldarkor zein mindua hitz egiterako orduan.

Behin hitzaldia bukatutzat emanez, zeina ordu batekoa izan behar zuen eta bi ordu eta erdira luzatu zen, Iratxerekin hitz egiteko eta pixka bat hausnartzeko aukera izan genuen Gazte Asanbladako kideok, non ideia batzuk azaldu ziren: horrelako hitzaldi eta dinamikak beharrezkoak direla gaur egun; gaztetxera jende pila bat gerturatzeak esan nahi duela behar potente bat dagoela gaia lantzeko, baina zerbitzu publikoetan ez dagoela aukerarik; osasun mentalerako zerbitzu publikoetan dauden baliabideak ez direla nahikoak eta horren aurrean ez dagoela aldaketa zantzurik…

Azkenik, gure eskerrik goxoenak eman nahiko genizkieke Iratxe Etxenike eta bertaratutako guztiei, haiek gabe hau ez litzatekeelako posible izango.