Hara zer dien

Herri oso bat elkartu nahi duen bandera

Erabiltzailearen aurpegia Sakanako Sare eta Etxerat 2023ko mar. 6a, 11:52

Bandera hitzak elkarren kontra egiten duten bi adiera dituela esan genezake. Alde batetik, banderak jende multzo bat ezaugarri baten arabera batu eta identifikatzeko balio du. Eta, beste alde batetik, banderek jende multzoak bata bestearengandik bereizteko balio dute. Gatazka batean, banderak aurrez aurre borrokan ari diren bi aldeak ikusgarri egiteko balio du. Batzuetan esan izan da, arrazoi puntu batekin, Euskal Herria herri "banderizoa" dela. Erdi Aroan leinu gerrak izan zirenak alderdien arteko gatazkak bilakatu dira historian aurrera egin ahala… Ondorio argi batekin; energia gehiegi gastatzen dugu herri honetan elkarri mokoka egiten, denon indarrak, eta gehiago, beharrezkoak direnean herri gisa ditugun erronka itzelei ganoraz erantzuteko.

Horregatik, Bandera hitzaren hirugarren adiera bat ekarriko dugu hona; Joseba Sarrionandia handiak bere "Hitzen ondoeza" liburuan asmatu zuena. "Itsasoruntz begira; kea da baporeen bandera nagusia", zioen Sarrik duela hogeita bost urte argitaratutako liburuan. Metafora ederra iruditzen zaigu euskal presoen etxeratzearen erronkaren baitan borondate anitzak biltzeko. "Etxerantz" begira, eta bidean, jarri nahi ditugu betirako atzean utzi nahi dugun aro batean askatasuna galdu zutenak. Sinetsita gaudelako presoak itxita mantentzen dituzten burdin tranga berdinak kateatzen dutela gure herria gatazkari, etorkizunerantz hegan irtetea eragotziz. "Etxera" esaldiarekin irudikatu nahi dugun herri gogoa zabaltzeko, zer egokiago tontorrez tontor, bailaraz bailara kea bailitzan barreiatuko den bandera baino. Arbasoengatik ikasi dugu nahi baldin badugu ondoko bailarakoek kearen deiadarraz jabetzea, behar beharrezkoa dela guri dagokigun sua hauspotzea. Nahi baldin badugu "Etxera" aldarrikapena herri oso baten oihu ozen eta indartsu gisa entzutea, zintzilikatu dezagun bi gezidun banderola gure balkoietan; keak hegan egiteko sua hauspotu beharra baitago.