Hara zer dien

AHTaren mitoak

30 urte betetzen ditu aurten AHTaren aurkaritzak Euskal Herrian. 1993. urtean CADEk Iparraldean eta AHTren Aurkako Asanbladak Hegoaldean ekin zioten makroazpiegitura suntsitzaile honen aurkako borrokari. Urte luze hauetan AHTaren inguruan gezur eta mito ugari zabaldu dituzte agintaritzan dauden politikariek eta hauen aldeko komunikabideek: suspertze ekonomikoaren mitoa, merkantziak edo salgaiak garraiatzearen mitoa, azpiegitura ekologiko eta iraunkorraren mitoa... Eta azpiegitura hau gauzatuko ez balitz halabeharrez etorriko litzaigukeen ustezko hondamendia: atzean gelditzearena, lurraldearen garapenean moteltzea, progresioa etetea, modernitatearen aroa galtzea... Eta bestaldean jartzen ginenen aurkako irainak: atzerakoiak, trogloditak, ekologista ameslariak, flipatuak, errealitatetik kanpo gaudela...

2022an ADIFek, espainiar Estatuan tren azpiegituren ardura duenak onartu zuen Euskal Y-ak ez zuela salgairik eramanen. Euskal Y-ak ez, Estatuko beste AHT lineek eramaten ez duten bezala, Katalunia eta Pirinioen arteko zati txiki batean izan ezik.

Orduan, AHTa egiteko arrazoi nagusietako bat erori ondoren gure politikariek atzera egin dute? Gezur batean harrapatu ondoren, barkamenik eskatu dute? Azpiegituraren birmoldaketa bat planteatu dute krisi ekosozial baten atarian gaudela? Ez ba.

Aste honetan berean, gure Euskal Herri zatikatu hau gobernatzen diguten hiru lehendakariek bilera egin dute zertarako eta AHTaren ezinbestekotasunaz aritzeko eta gaur egungo egoera zalantzagarri eta zaurgarriaren aurrean betiko politikekin jarraitzeko. Hau da, AHTaren beharra aldarrikatzeko. AHT gabe hondamendia helduko zaigulako, ekonomia suspertzeko ezinbestekoa delako, ehunka kamioi bideberrietatik aterako dituelako. Mitoak, mitoak, gezurrak, gezurrak...