Hara zer dien

Mendi martxa

Erabiltzailearen aurpegia Sakana Trenaren Alde 2023ko aza. 13a, 10:07

Berriki izan dugu AHTaren enegarren atzerapenaren berri. Euskal Y-a, ustez, 2033rako jarriko dute abian. AHTaren aurka gaudenondako berri oso ona da, ezen AHTa, diru publikoen zulo amaigabea izateaz gain, behin abian jartzen dutenean, diru publikoen zuloa izaten jarraituko du bidaiari kopuruak ez bailituzke kudeaketa eta mantenu kostuak ordainduko.

Eta hau horrela da Euskal Herriko inoizko azpiegitura erraldoiena, garestiena eta suntsigarriena delako. AHTak gure herrian ez ditu 350 km/h-ak hartuko. Hainbeste tunel, akueduktu eta lubaki egin ondoren abiadura handian baino, goi abiaduran joanen litzatekeela esan dezakegu. Eta gurea bezalako lurralde txikian, AHTak bidaiariei aurreztuko lieken denbora MINUTUTAN zenbatzen da, minutu gutxitan. Itzelezko azpiegitura suntsitzaile bat autobusari edo autoari minutu ziztrin batzuk irabazteko...
Hasieratik, Eusko Jaurlaritzak AHTaren beharraz hitz egin du: “Euskadi atzean ez gelditzeko, eta milaka kamioi bideberrietatik ateratzeko”. Euskal Y-ak bidaiariez gain, salgaiak ere eramanen omen zituelako. GEZUR hau etengabe ahoskatu du euskal gobernuak. Pasa den urtean baina, aho txikiarekin eta behin lanak nahiko aurreraturik daudenean onartu zuten ez zituela salgairik eramanen. Ia 20 urteko gezurrak zertan gelditu dira? Ezerezean.

Eta gure gobernu foralak zer dio? Ba baietz, nafar korridoreak, Euskal Y-ak eta Estatuko beste AHT lineak ez bezala, salgaiak eramanen dituela. Gezurra gezurraren gainean.

Orain dela 40 urte baino gehiago erabakitako azpiegitura batekin jarraitzearekin tematurik daude: Estatuan hainbat AHT lineak porrot egin ondoren, hobekuntza ekonomikorik gertatu ez denean eta betiko trena (jendearen %95ak erabiltzen duena) hiltzen uzten ari direnean.

Larriena ordea, AHTa proiektatu zuten mundua existitzen ez dela da: berotze efektua, aldaketa klimatikoa, baliabide naturalen eskasia eta petrolioaren gutxitze larri batean gaude. Urteetan, aurkaritzari errealitatetik kanpo egotea eta garapenaren kontra aritzea egotzi digute. Nor gelditzen ari da baina errealitatetik kanpo?

Heldu den larunbatean, mendi martxa polita egin genuen Lakuntza eta Arbizu ingurumarian, egin nahi dituzten AHT zundaketa lekuak ikusi eta triskantzaren tamaina bertatik bertara ikusteko.